Euskal Neolitoaren nondik norakoak


Euskal Neolitoa (K.a. 4000tik 2500era bitartean) funtsezko garaia dugu Euskal Herria zer den ulertzeko. Hegoaldeko herrien presioak zirela kausa, euskaldunak Pirinioetan eta inguruetan kokatu ziren. Artzaintza/nekazaritza garatu zen orduan. Euskarak atzera egin zuen, sistematikoki, eta oro har, abelazkuntzari dagokion eskualdea eta euskal eremuarena bat datoz.

Metal Aroan, iberiarren eta zelten inbasioen ondorioz, Euskal Herriak sekulako galerak izan zituen, lurraldeari, hizkuntzari, ohiturei eta mitoei egokienez (Marik, hala ere, indarrean jarraitu zuen). Orduan altxatu ziren trikuharriak eta harrespilak.

Erromako Inperioa euskal lurraldeetan nagusitu zenean, 30.000 urteko historia zeukan Euskal Herriak gauza asko galduta izango zituen kontzientean, baina,  segur aski, inkontziente kolektiboan gordeta zituen bizi izandako gerrak, kultura, gizarte-antolaketa, artea eta ohiturak, teknikak eta jantziak, lana eta jaiak… Izan ere, hainbat bizitza luze izanda, inkontziente kolektiboko arketippo ugari izan beharko lituzkete euskaldunek beren ariman.

 

 

Euskal Neolitoa (K.a. 4000tik 2500era bitartean) funtsezko garaia da egungo Euskal Herria zer den ulertzeko. Garai hartan hegoaldeko herriek (kapsienseak) egindako presioa gero eta larriagoa zenez, orduko euskaldunek Pirinioetan eta inguruetan bilatu zuten babeslekua (Garonatik Ebroraino). Hala, Pirinioetako harana gure gizarte-egituraren funtsa bihurtu zen. Larre komunaletan bazkatzen zuen ganaduaren abeltzain-komunitatetzat joko zuten aurrerantzean harana.

Ordokiaren zati bat ere kolonizatu zuten, eta lurraren jabego pribatua bertan agertu zen lehenengo aldiz. Geroztik, artzaintza/nekazaritza, komunala/jabetza pribatua dialektikan biziko zen gure herria. Ordokian, landutako lurraren eta uztaren jabegoa babesteko, defentsa-bitartekoak eratu behar izan ziren. Horrela sortu ziren armak eta gerra.

Oro har, abelazkuntzari dagokion eskualdea eta euskal eremuarena bat datoz. “Euskara indarra galduz joango zen Akitaniako golkoko erpin-erpinetik hasita, Bizkaiko itsasertz guztian, harik eta desagertu arte, ekialdetik, Pirinio edo Mediterraneorantz hurbildu ahala, eta mendebaldetik Galiziako kostalderantz egin ahala. Garona eta Ebrorantz gerturatu ahala ere, hizkuntza gero eta nabarmenago zihoan atzera. Horrek guztiak esan nahi du antzina-antzinatik euskara itsas aldera baztertzen ari zela, ipar zein hegoaldetik, eta sartalde zein sortaldetik” (Estornes Lasa). Hizkuntzaren atzerakuntza sistematiko horrek gaur egungo galzori honetara iritsi arte iraungo zuen, beraz.




 

Euskararen eboluzioa X. mendetik aurrera, Jean Bonnemaison egilearen arabera.

 

 

Neolitoan harria beste modu batean lantzen hasi ziren; Paleolitoan ez bezala, harria leuntzen hasi ziren, eta hortik datorkio izena aro horri. Seguru asko, garai hartan asmatuko zen ereintza Euskal Herrian, hau da, lehenago naturan gure kontrolik gabe jaso zitekeena (bilketa) orduan teknika berriari esker (ereintza) artifizialki sortu ahal izan genuen. Garia ere erein zuten: erein, bildu, jo eta eho ondoren, gizakiarentzat irin jangarri bihurtuko zen. Asmakuntza itzel hori Martin Txikiren kondairaren bidez iritsi da gureganaino (erabat aldaturik, jakina; 5.000 urte ez dira alferrik pasatzen). Hainbeste denboran bere historiaren lekukotasunari eutsi ondoren, agerian geratu da herri honen ahozko transmisioaren eta sistema mitologikoaren ahalmena.

Harpeetako aztarnei esker, arkeologiak esaten digu nola Neolitoan ordura arte basati bizi ziren animalia batzuk etxekotu zituzten. Ahuntza, zaldia, zezena eta ardia ditugu horren froga xume bat. Abeltzain-herrietan berebiziko garrantzia du ardiak (gaur egun Urbian, Aralarren edo Pirinioetan duen bezala). Ardientzako larre edo bazkaleku egokien bila joatearen ondorio izan zen transhumantzia, hau da, lurraldeak zeharkatzea eta bestelako jende eta kulturekin harremanak izatea. Abelazkuntzak, berriz, gero eta zehatzagoak egiten ari ziren teknika askoren aurrerapena ekarri zuen.

Ehiztariaren eta abeltzainaren ezagutzei ordokiko nekazariarenak gehitu zitzaizkien. Elikagaien ekoizpenarekin eta jabego pribatuarekin batera, beste kontzeptu batzuk ere sortu ziren orduan: muga, agintaritza eta ohiturak. Etxalde eta herriak eraikitzen hasita, Mariren izaera –ordu arte leize-zuloei eta ehizari lotua– etxera eta nekazaritzara (lurrera) aldatu zen, ugalkortasunari atxikia, Paleolitoan bezala. Halaber, arkeologoek hildakoei egindako eskaintzak aurkitu dituztenez, Neolitoko gizakiak beste bizitzan sinesten zuela pentsa liteke.

 

 

- Zelten eragina


Metal Aroan –Neolitoaren ondoren 1.500 urte inguru iraun zuen– Euskal Herriak sekulako galerak izan zituen, lurraldeari, hizkuntzari eta ohiturei zegokienez.

Afrikatik abiatu eta Iberiako penintsulako ekialdea Almeriatik menderatuta (hortik dator “almeriar kultura”), geroago iberiar deituko zituzten tribuek iparraldera jo zuten erasoan, harik eta Ebro ibaian baskoiekin topatu ziren arte. Harriaren ordez brontzea eta kobrea zerabiltzaten inbaditzaileok euskal-akitaniar mundua hegoaldetik estutzen hasi ziren. Bestalde, Kristo aurreko bigarren milurtekoan, zelten inbasioak Europako mendebalderantz gerturatu ziren, Atlantikoko kostaldeetara iristeraino.

Iberiarrek –ia Iberiako penintsula osoa hartu zuten– iparraldetik etorritako zeltekin bat eginik, “zeltiberiar herria” osatu zuten, mestizajea. Herri horrek Galizia eta Asturias-Kantabria –ordura arte euskal-akitaniar omen ziren– hartu zituen. Bestalde, zeltek iparraldetik egindako presioa zela medio, euskal-akitaniar herriak utzi egin behar izan zituen Garonaz haraindiko lurraldeak. Ibai horrexek banatuko zituen aurrerantzean euskaldunak eta galiarrak, eta, horrenbestez, Euskal Herriaren muga berria izango zen. Konkistatutako lurraldeetako hizkuntza –akitaniera– zelteraren eta euskararen hibridoa izango zen; haren arrastoak gaur egun ere badira. Makina bat herri harrapatu eta suntsitu zuen erasoaren gordina gorabehera, Euskal Herriak buru egin, eta zutik eta bat iraun zuen Gallego eta Ebroko ertzetaraino. Zelten inbasio traumatikoak K.a. II. mendera arte iraungo zuen, orduan hasi baitzen inperioaren gainbehera.

Gorabehera horiek guztiak gertatzen ziren bitartean, abelazkuntza Euskal Herrian arbasoen bizimodu modura finkatu zen. Pirinioetako gain guztiak ardiz eta artzainez bete ziren. Udan goialdeko larreetan ibiltzen ziren eta neguan haranetara jaisten ziren, eta etnia, ekonomia eta kultura bat bakarra osatzen zuten. Herri horri “pirinioar herria” deitu izan zaio.

Zelten eraginaren ondorioz, Pirinio osoan zehar arkitektura megalitikoa zabaldu zen. Trikuharriak (dolmen) eta harrespilak (cromlech) han-hemenka erruz agertu ziren. Harritzarrak pilatuz artzaintza eremuetan gorpuak ehorzteko altxatzen ziren monumentu megalitikoak ziren trikuharriak; Euskal Herrian 800 trikuharri baino gehiago daude sailkatuta. Bertako mitologiako izenak jarri ohi zizkieten (jentiletxe, mairuetxe, sorginetxe, ttarttaloetxe...), baina baita bestelako izenak ere, jatorri zeltaren erakusle (armura, armorkora, almora...); gaur egun Bretainia dena, adibidez, Armorika penintsula zeritzon.



 

Pirinioetako trikuharrien mapa (Luis Pericot, Auñamendi Eusko Entziklopedia)


 

 

Beste agerpen megalitiko nagusietako bat cromlecha, edo harrespila izan zen. Hilobi modura erabiltzen zituzten harri-zirkulu horien erdian gorpua erre ondoren, hildakoaren hautsak ontzi batean sartu eta bertan lurperatzen zituzten. Ohitura hori Italiako iparraldetik iritsi zen. Harrespilen euskal izena sakratua ohi zen (jentilbaratza, mairubaratza), eta bertan, haritz sakratuaren azpian, bilerak ere egin ohi ziren (“Trikuharria”, Aranzadiko egutegitik hartua).

Zelta inbaditzaileek ekarritako ohitura berrien eraginez, antzinako euskal erritu, sineste eta ohitura asko galdu egin ziren. Euskal asteak, adibidez, ordu arte hiru egun zituen (astelehen, astearte eta asteazken), baina beste bi gehitu  zituen, Mari naturaren jatorrizko jainkosaren nolabaiteko ordezkari Urtzi zeruko jainkoaren ohoretan: ostegun (ortziaren eguna – ortzegun) eta ostiral (ortziaren ahala, boterea – ortzirala). Hortik aurrera Urtziren esku geratuko zen zeruari eta naturako fenomenoei zegokien guztia, baina Marik ere indarrean jarraituko zuen, euskaldunak ez baitzuen bere aspaldiko jainkosa galdu nahi.

Hala, bada, euskal ilargia –antzinako munduaren sinbolo mitologikoa– eta horren kultua ekialdetik ekarritako eguzkiak ordezkatu zuen. Suarekin (eguzkiarekin) zerikusia zuen guztia jainkotu egingo zuten. Sortaldetik sinesmen berriak uholdeka etorriko ziren. Horietako bi, adibidez, gatz-aleak gora jaurtitzea eta San Joan gauean bildutako belarra atarian erretzea, ekaitza Urtzi-Thor zeruko jainkoaren haserrearen agerpen izugarria (ekaitza) konjuratzeko ziren. Ilargi-belar zaharrak, eguzki-lore bilakaturik, espiritu gaiztoak eta sorginak uxatu eta etxea tximistatik babesten zuen. Ate-leihoetan jarritako lizar-ezpal edo -adarrek ere eginkizun horixe zeukaten. Antzinako erlijio naturalista pixkanaka hilezkortasuna eta heriotza ondoko bizitza agintzen zuen erlijio bilakatuko zen. Hildakoak etxean bertan ehorzten hasiko ziren, bizidunen artean bizi zitezen, eta haientzat mantenduko zuten piztuta sua (edo txingarra). Sortaldetik ekarritako Urtzi jainko patriarkala aldatzen hasia zen Mariren antzinako Europa femeninoa, eta euskal mundua, horrenbestez, asiar abeltzainen ordena patriarkal berriak menderatzear zegoen, fisikoki zein sinbolikoki.

Ordokietan, han-hemenka, aurreneko etxebizitzak eta herrixkak agertzen hasi ziren. Metalezko  lehendabiziko aizkorak erabiltzen hasi ziren. Europan zehar hedaturik zegoen kanpai antzeko ontzia, artilea eta janzteko lehenengo oihalak agertu ziren. Transhumantziari esker, teknologia, sinbolo eta sinesteen trukea izugarri bizkortu zen. Aralar mendikatea, adibidez (mendebaldeko Pirinio-aurrean, egungo Euskal Herriaren erdigunean), populazio, ekonomia eta erlijio gune garrantzitsua bilakatu zen; gaur egunean, Igaratzako belazeetan edo megalitoetan, oraindik hauteman daiteke unibertso hura.

Beterrietan, Pirinioez bi aldeetara, nekazariak herrixkak sortzen hasi ziren; goldeak iraultza ekarri zuen laborantzara eta orga sortu berritik tiratzen zuten astoak, zaldiak edo behiak ziren indar-sortzaile. Hori guztia oinarri sendoa izango zen garia, oloa, artoa (artatxikia) eta garagarra ugari hazteko. Gazta eta ardoa egiten ere ikasi zuten, eta, ekialdetik etorrita, gure herriari eta mitologiari betiko loturik geratuko zen animalia bat sartu zen lehenengo aldiz Euskal Herrian: katua.

Orobat, mendialdean ezaguna ez zen jabego pribatua asmatu zuten ordokiko herrietan, gaur egun arte iraun duen modu berezi-berezi batean, gainera: norbaiti lur-saila ematen zitzaion, ustia zezan; ordainetan, komunitatearentzako lanen bat egin beharko zuen. Beraz, auzolana sortu zen, egitura sozial berezia, eta gaur egun ere Euskal Herrian garrantzi handia dauka oraindik.



 

Euskal Herriko trikuharria (Txema Oromendia)


 

Garai horren ondoren, erromatarren inperioa nagusitu zen Euskal Herrian, eta, hala, gure herria historian sartuko zen inbaditzaileek idatzitako lehenengo eskuizkribuen bitartez (Estrabon, Ptolomeo, Plinio...). Erromatarren inperioaren eraginez, euskal herrien eremua gero eta txikiagoa zen etengabe, eta 200 urteren ondoren, autrigoi, karistiar eta barduliarren tribuen eremua kenduta ez zen ezer libre geldituko garai batean Pirinioen bi aldeetara zabaltzen zen lurraldean.

Ordurako gure herriak 30.000 urteko historia zeukan, eta, zer esanik ez, neurri handi batean galdu baina bai seguru ere ahaztu eta gorde egin zituela inkontziente kolektiboan bizi izandako gerrak, kultura, gizarte antolaketa, mundu filosofiko, erlijioso eta sinbolikoa, artea eta ohiturak, sortutako zuzenbide eta toponimia, teknikak eta jantziak, lana eta jaiak, denbora neurtzeko moduak eta kolorearen pertzepzioa eta era guztietako asmakizunak. Hain bizitza luzea izanda, inkontziente kolektiboko arketipo ugari izan beharko lituzke Euskal Herriak bere ariman, eta horrek sinbolo andana gauzatzeko magma izan beharko luke. Hain zuzen ere, historiaurreko sinbolo arketipiko horietako batzuk, aztertuko ditugu ondoren.



Itzuli