edukiak

Zuhaitzak beti izan du kristautasunaren aurreko eta kristautasuneko ikusmolde mitikoan zeregin garran­tzitsua. Zuhaitza bizitzaren eta ugalmenaren ikurra da, baina horrez gain handitasuna, sendotasuna, duintasuna, tinkotasuna, perfekzioa eta abar ere adierazten ditu. Zuhaitzak eta basoak Pirinio guztian gurtu izan dira.

Zuhaitz-mota bakoitzak bere esanahia du. Altzifrea, adibidez, barnekoitasunaren eta heriotzaren adierazgarri da, eta oraindik ere gure hilerrietan ikus daiteke.

Haritza, pagoa eta artea Euskal Herrian esanahi bereziko zuhaitzak dira. Haritza arbola sakratua izan da Pirinioetan eta Europako beste leku askotan. Nafarroako lehen erregearen Eneko Aritza izenak ere zuhaitz hori aipatzen du.

Zuhankorra edo zumalakarra madarikatuak dira, eta R. M. Azkuek dioenez, Jesukristo jo zuten egur­-mota da. Sorginek ere egur hori erabiltzen zutela zio­ten: sorginek ere beren egunetan egur hau erabiltzen omen zuten.

Lizarra berez da zuhaitz bedeinkatua. Lizarrak ez du bedeinkatu beharrik. Berez da bedeinkatua, esaten zuten Oiartzunen. Ohizkoa zen baserri aurrean lizarra aldatzea, babeslea dela uste delako. Tximistek ez zioten kalterik egiten eta San Joan gaueko suan bere babesa eskaintzen du.

Zenbait zuhaiskak ere oso fama ona du. Ribagortzan arkakaratsa ekaitzen kontrako kutuna da. San Joan gauean neska gaztea arkakaratsaren azpian orrazten bada eta erortzen zaizkion ile guztiak arkakara­tsaren kimu batean ipintzen baditu, kimua hazten denean neskari ere ileak oso kizkur eta eder haziko zaizkiola uste dute.

Festa eta ospakizun askotan zuhaitz bat (normale­an haritza edo zumarra) egoten da plazaren edo belardia­ren erdian, eta inguruan dantza egiten da, jokoak izaten dira... eta inoiz ezkontzaren bat ere bai.

Kristautasunak elorria zuhaiska sakratu eta babesle bihurtu du. Soroetan eta etxeko ate zein leihoetan sanjo­anetan ipintzen diren gurutzeak elorrizkoak izaten dira. Ekaitza zenean buruan elorri-arantza bat eraman ohi zen tximistatik babestearren. Zuhaiska honekin zerikusia duten elizak badira: Arantzazu Gipuzkoan, Arantza Lapurdin, Espiau Gaskonian, Espinars Rossellón,... Hala ere elorriarekiko gurtza oso aspaldikoa da; kristautasuna baino lehenagokoa.

Antzinako sinesteek berezko bizia zuten zuhaitzak aipatzen zituzten. Barandiarani Kortezubin esan zioten­ez, antzina zuhaitzak berak joaten ziren baserrietara erre zitzaten, baina halako batean emakume bat etxeko ata­rian haien adarrekin korapilatu egin zen eta haserretuta honela esan omen zuen: Etorriko ez balitz hobe litzateke. Harrezkero gizakiak joan behar izaten du men­dira zuhaitzak botatzera.

Resurreccion Maria Azkuek dioenez, garai bateko Pirinioetako oihanak daudeneko Donibane Garazin eta Nafarroa Behereko beste zenbait herritan basoa saltzen zenean, hau haserretu egiten zela esaten zuten. Haserrearen haserrez, zuhaitzen bat erori eta han zebilen gizakiren bat azpian harrapatzen omen zuen.

Idiazabalen ere, Azkuek Ipar Euskal Herriko fraile egurzale batek bota behar zuen zuhaitzari honakoa esaten ziola jaso zuen: Guk bota egingo zaitugu eta barka iezaguzu. Europako beste zenbait lekutan ere zuhaitzei bota aurretik barkamena eskatzen zaie.

 

Pirinioetako basoak hainbat izpiritu, jeinu eta jain­koren egoitza izan dira. Basoetan Euskal Heman Iretxo, Iratxo, Ireltxu edo Irelu deitzen direnak bizi dira, eta badirudi hitz horiek iratze-tik (garoa esan nahi du) era­torriak direla. Lamiak ere azaltzen dira basoetan. Comminges-ko Tantugou izenekoa eta Euskal Herriko Basajaun eta Basanderea ere basoetan bizi dira. Izpiritu gaiztoak ere badira ordea; Katalunian Garrotxa-ko men­dietako emakumeek beldur dioten Esgarrapadones deitzen dena, adibidez. Dirudienez izaki gaizto horrek orbeletara zihoazen emakumeei erasotzen zien.

Baso eta zuhaitzetako jainkoak nekazaritza eta abeltzaintzarekin lotuta azaltzen dira. Basoaren barrene­tik gizakien lanak zelatatzen dituzte. Gorputz iletsua, bizar luzeak eta indar ikaragarria dituen Basajauna oso arlotea da batzuetan:

 

Behin batean gizon bat mendira igo zen egurra ebaki­tzera eta negurako ekartzera. Mendi hartara Basajaunak joan ohi ziren. Gizona egurretan ari zenean, Basajaun bat agertu zi­tzaion eta berarekin joan zedila esan zion. Gizonak, oso beldur­turik, ez zekien zer egin. Ihes egiteko era bat bururatu zi­tzaion. «Zaude pixka bat esan zion Basajaunari egur hau prestatu arte, gero etxekoek eraman dezaten. Baina horretara/co egurra ebakitzen lagundu behar didazu, gero zurekin lehenbaile­hen joan nadin. Sartu, bada, hamar behatzak zuloan eta enborra zabaltzeko indar egin, hortik aizkora atera eta beste aizkorakada bat jotzeko». Basajaunak horixe egin zuen eta gizonak aizkora atera eta beha­tzak zuloan harrapatuta utzi ziz­kion. Basajauna han preso gera­tu eta gizonak ihes egin zuen.

 

Mendikatea guztian zehar aurkikuntza arkeologi­koek zuhaitzekin zerikusia duten beste jainko batzuen­ganako gurtzaren berri ere ematen dute. Castelbiague-n aurkitutako bi aldaretan Sei zuhaitzen jainkoa (Sex Arbori deo) aipatzen da. Sei zuhaitz gurtzeko ohitura horrek agian elkarrekiko loturak zituzten pertsonekin izango zuen zerikusia. Erromatarren garaian Pirinioetako herri asko launaka edo bosnaka taldekatutakoen izenak aipatzen dira (Quattorsignani, Novempopuli...)

 

Zuhaitzen gurtzarekin zerikusia duen beste jainko bat Fagus da; pagoa, zehatzago esanda. Euskaraz zuhaitz-mota honek duen izena latinezko fagus-etik era­torria da. Bigorra, Comminges eta Pirinio Garajetan (Générest, Tibiran eta abarretan) badirudi aldare eta hilarri batzuk jainko horri eskainiak direla. Batzuek erliebez esbastika eta Fagus jainkoa bera izan daitekeen pertsona dute.





Itzuli