Izurdeen familia da zetazeoen artean ugariena, 62 espezie inguru osakide ditu eta. Izurdeen artean badago ebolutiboki izan den ezaugarri interesgarri bat; alegia, batzuek ibaietara moldatu dute beren burua; besteak, ordea, itsas zabalera joan dira.Platanistido izena jarri zaie izenburu ibaietan ibiltzen diren espeziei. Horiek tamaina txikiko izurdeak dira eta haien ezaugarririk nabarmenena mokoaren forma da, oso luzea baita. Indiako Ganges ibaian badago oso bereiztasun bitxia duen bat: itsua da. Ganges ibaiko urak oso ilunak dira garraitzen dituzten jalkinak direla medio. Horrelakoetan, beraz, ikusmenak ez du zeregin handiegirik betetzen. Milioika urtetan zehar Ganges ibaiko izurdeak eboluzionatuz joan dira, eta formak ikusteko gaitasuna galdu dute, argia sumatzen duten arren. Oso sonar sistema sofistikatua garatu dute, aldiz, ibaiko ur ilunetan beste erara “ikusteko; horretarako, garezurraren atzealdean gangan antzeko konkorra eratu dute, funtzio hori bete dezan. 1914. urtean, lehenengo aldiz, antzeko ikusmena duen espezie bat aurkitu zuten Txinako Yangzi ibaian. Hego Amerikan beste bi espezie ezagutzen dira; bata Amazonas ibaian kokatua dago. Espezie hori lurralde haietan bizi diren indioek gurtu egiten dute, eta hango elezaharrak dioenez, izurde horiek, batzuetan, ibaiak utzi eta lehorreratu egiten dira, indioen herrietako emakumezkoak maitemintzeko.Badaude itsasarteetan bizi diren izurdeak ere. Horiek badute ezaugarri nabarmena: bizkarrezurrean koipezko konkor handi bat. Afrikako eta Hego Amerikako kostaldeetan oso ezagunak dira, baina harrigarriro Marakaibo eta Orinoko aintziretan ere aurkitu dituzte; beraz, kostaldeetan ibiltzen diren zetazeo horiek ibaietan oso gora igotzeko gai dira.Guri ezagunen eta famatuenak zaizkigun izurdeak itsas zabalean ibiltzen direnak dira. Eta horien artean aipatu behar dugun lehena izurde arrunta (Delphirus Delphis) da. Ugaztun hori itsaso epel eta bero guztietan aurki daiteke. Taldean bizi dira, eta talde horiek, zenbaitetan, ehunka kidek osatzen dituzte. Sardinaz eta sardinzarrez eratutako sarden atzetik ziztuan (zetazeorik azkarrena da) ibiltzen dira, haien elikagairik garrantzitsuena harrapatzeko.