edukiak

Itsasoetan bizi diren izurdeen espezieak taldezaleak dira. Batzuetan, milaka banakok osaturiko taldeak dituzte. Zientzialari batek zioen moduan, “horrelako jokabidea Ipar Amerikako bufaloen taldeenarekin erka daiteke, baita Afrikako lautadetako ugaztun belarjaleenarekin; izurde eta jatorri ebolutiboan dauden lehorreko ugaztunen artean, antzeko jokamoldeak izaten direla pentsatzera garamatza horrek”.
Izurdeen jokabidea aztertzerakoan, badago lehorreko ugaztunen kasuan gertatzen ez den egoera; hots, izurdeak beti urpetan dabiltza eta haien bizitza osoa gizakien begietatik ezkutuan egiten dute. Lehen ikasketak (hasieran) akuarioetan hesiturik zeuden Tursipos izurdeekin gauzatu ziren. Dena den, animalia horiek estresak joak zeuden eta ez zegoen ondo jakiterik, aske ibiliz gero, haien jokamoldea zein izan zitekeen. Gaur egun, urpetan lan egiteko tresneriarekin egoera emeki aldatzen ari da eta zenbait sekretu argitara hasi dira azaltzen.
Itsasoetan barrena egindako azterketen bitartez, egun badakigu, izurdeen taldeengan (beste ugaztunen espezieengan gertatzen den moduan), partaideen arteko hierarkia existitzen dela, biziki estua ez bada ere.
Izurde emeek umeenganako jarrera altruista nabarmena azaltzen dute. Adibidez, umea erasotzen dutenean, amak bere burua arrisku bizian jartzen badu ere, umearen bila joaten da taldearen erdigunera (tokirik seguru eta babestuena) berriz ere eramateko. Taldearen lagun bat zauriturik gertatuz gero, beste izurdeek lagundu eta guztien artean erasotzailea uxatu egiten dute. Emeek, umea erditu bezain laster, jaioberria itsas azalerantz bultzatzen dute lehenbailehen, oxigenoa har dezan. Horrelako pasadizoak barra-barra konta daitezke. Azkeneko aurkikuntzek erakusten digutenez, jokamolde horiek batez ere ahaideturik dauden izakien artean gertatzen dira. Ba ote hurbilagorik gure espeziearengandik?
Izurdeak normalki talde handitan ohi dabiltza eta horrek, dirudienez, abantaila handia ematen die arrisku potentzialak detektatzeko, guztiek bidaltzen dituzten soinu-seinaleek taldeari informazio handiagoa edota zehatzagoa ematen baitio inguruneaz, nor bere kasa ibiliko balitz baino.
Badago izurdeen beste ezaugarri bat, aspaldidanik harridura handia sortu duena; jauzi handiak egitea, alegia. Zergatik eboluzionatu dira izurdeak horrelako jokamoldetara? Egun, oraindik ere, ez dakigu. Alde batetik, badirudi jauziak jolas-jarduerak direla, baita elkarrekin komunikatzeko bitartekoak ere. Jauziak eginez gainaldera berriz ere heltzen direnean, plasta ederrak sorrarazten dituzte. Soinu horiek, itsas azpitik, distantzia luzetara hel daitezke eta han aurkitzen diren espezie bereko banakoei edo taldeei abisua eman, beste taldea badagoela eta nonbait arrantzan edo janaria non aurki dezaketen berri emateko omen darabiltza.
Izurdeek moldatzen dituzten taldeak orokorki iraunkorrak dira, baina barnean dauden banakoak ez dira berberak izaten noiznahi. Hori da gizarte irekitzat ezagutzen dena eta Afrikako txinpantzeetan ere horrelako egitura kolektiboak aurkitu dituzte. Txinpantzeen artean, egitura hori elikadura-bilatzearekin loturik dago. Hasieran, janari bila hasten direnean, banako edo talde txikitan ohi dabiltza, baina elikagaia erruz azaltzen denean, taldeak handitu egiten dira berehala. Izurdeengan aurkitutako jokamoldeak, seguru ez badakigu ere, era honetan interpreta litezke.
Izurde emearen eta umearen arteko loturak oso estuak izaten dira, eta titia kenduz gero ere harremana luzaroan mantentzen dute. Ez da horrela gertatzen arrarekin. Arrak eme eta haurrarekin duen harremana askoz ere ahulagoa da. Horrek pentsarazten digu izurdeen arteko estaltze-moduak promiskuoak direla. Dena den, arrak eme gehiago estaltzen ditu, alderantziz baino; izurdeak, beraz, estaltze poliginikoaren lehenengo urratsetan daude. Parekatze-modu hori lehorreko ugaztunen artean ohikoa izaten da.
Estaltzeko garaia urte osoan gertatzen da eta benetan ederra ohi da ikustea, izurde emea eta arra sabelez sabel elkarturik nola jotzen duten larrua lastertasun osoan, itsasoa zeharkatzean. Uztarturik dauden izurdeen artean, akuarioetan adibidez, jokabide homosexualak ere ikusi izan dituzte. Horri buruz esan behar da, halaber, gatibu dauden animaliek askotan estres handia jasaten dutela, eta horren ondorioz, guri bezalako ultzerak sortzen zaizkiela. Izurde maitagarri horiei parasitoak, azaleko gaixotasunak eta neumoniak ere sortzen zaizkie, gizakiek ezarritako kartzeletan bizi izateagatik. Horregatik, hain zuzen, Greenpaceko elkarteak izurdeen eskubideen aldeko manifestu bat argitara eman zuen, izurde esklabo horiekin esperimentuak buka ditzaten. Izurdeekin akuario  esperimental batean lanean ziharduen Louis M. Herman doktoreak urteak pasa zituen izurde gatibuen etologia (jokamoldeak) aztertzen eta ugaztun liluragarri horiengana gero eta maitasun-harreman estuagoa sortu zitzaion. Une batean, bera bezalako izakiak zirela hasi zen sentitzen eta animalia horiek espetxeratuak ikustean egoera jasanezina gertatu omen zitzaion. Egun batean, akuarioko ateak ireki eta, urte askotako experimentuak alde batera utzita, animaliak itsas zabalean libre utzi zituen. Harrezkero, animaliek berezkoa duten ingurunean bertan aztertzearen aldeko defendatzaile sutsu bihurtu zen.



Izurdeak beti urpetan dabiltza eta haien bizitza osoa gizakien begietatik ezkutuan egiten dute



Itzuli