edukiak

Moby Dick, Melvilleren obraren pertsonaia nagusia, katxalote zuri, erraldoi eta ankerra da. Gaur dakigunez, zauriturik dabilen katxalotea basati bihurtzen da eta bere oldarkortasun osoa eragiten dio aurrean jartzen zaion edozeini. Horregatik ez da batere arraroa, itsasontzi eta baleontzi zenbait katxaloteek urperaturik izan direla entzutea. Beraz, erabat sinesgarria dugu Moby Dickek bere aztetik zebilen Pequod baleontzia eraso eta urperatu ahal izatea.
Katxalote gazteen azala grisa da, eta narrio zuriz beterik dago. Katxalotea, zenbat eta helduagoa izan, mantxa horiek hainbat eta zabalagoak agertuko ditu, eta zahartzarora heltzean, batzuetan, katxaloteak zuria dela dirudi, haren narrio zuriek oso hedadura handia hartu baitute. Katxalote batzuetan, gainera, albinismoko kasuak ezagutu dira. Beraz, Moby Dicken historia zientifikoki sinesgarria dela esan daiteke. Melvillek ondoko eran ikusten zuen katxalotea:
“Katxaloteak duen kanpoko ezaugarririk nabarmenena buru erraldoi eta proportziogabea da, gorputzaren luzeraren herena betetzen du eta. Buru horren alde banatan eta nahiko behean begiak azaltzen dira, betilerik gabeak eta zaldikumearen antzekoak. Begiak horrela kokaturik dituela, katxaloteak ezin izango luke bere aurrean jarritako objekturik ikusi, ez eta bere atzean jarritakoak ere. Katxalotearen begien kokalekua eta gizakiarengan belarriek betetzen dutena berdinak dira. Nolako ikusmena genuke gizakiok, begien bidez ikusi beharrean, belarriak erabiliko bagenitu? Eskasa, dudarik gabe. Begien tartetik aurreranzko lerro zuzen bat taxutuko bagenu, lerro horretatik bi aldeetara 30 graduko kono baten barnean izango genuke ikusmena kokaturik. Etsairik beldurgarriena gure aurrean jarri eta labana bat eskuan daramala guregana baletor, ez ginateke konturatuko gu hil arte; atzealdean jarriz gero, beste hainbeste gertatuko litzaiguke. Beste erara esanda. Katxaloteari itsu zaizkion bi zonalde zabalak ditu; bi bizkar alegia, bata buruaren aurrean eta bestea, berriz, guztiok normalki atzean daukaguna.
Gainera, munduko beste animaliek badituzte bi begiak elkarretatik nahiko hurbil, eta antzematen dituzten irudiak garunean batzeko eta, gero munduaz irudi osoa emateko, arazorik ez dute. Katxaloteak, aldiz, bi begien ikusmena zeharo bereizten ditu. Begiak, izugarri handia den mendi batek haranak alderatzen dituen bezala, garun-masa erraldoi batek banatzen ditu. Nire iritziz, beraz, katxaloteak (eta balea guztiek) bi mundu desberdin hauteman behar dituzte, bata eskuin aldekoa eta bestea ezkerrekoa, eta erdialdean iluntasuna baino ez da agertzen.
Eta baleak, begia baino harrigarriagoa ere, belarria dauka. Katxalotearen anatomiaz trebe ez bagara, ordu luzetan jardun gaitezke organo horren bila, ezer aurkitu gabe. Entzumenak ez du kanpoko egiturarik agertzen, eta belarri-zuloan txoriaren luma bat doi-doi sar daiteke: txikia da zinez. Balea hain animalia itzela izanda, mundua ikusi beharra horren begi txikiz eta itsasoetako ekaitzen trumoi beldurgarriak entzutea horren belarri ñimiñoz, ez al da harrigarria?
Ahoaren beheko baraila hortzez josita dago (25 inguru) eta balea-ehiztariek estimu handian dute. Askotan, baraila hori, katxalotea hil eta gero, ahotik atera eta baleontzien barrura eramaten dute, bertan bolizko hortz preziatuak erakarriak izateko. Horretarako, aitzur handi batekin baraila marratan ebakitzen dute, eta gero puska bakoitza zintzilikatzen da handik, idiek basoetan haritz zaharren enborrak ekartzen zituzten bezala, hortzak ere kanporatzeko”.




Moby Dick, katxalote zuri erraldoiaren irudia


Katxalotearen ezaugarri nabarmena den neurriz kanpoko buru itzelak badu horrela izateko arrazoirik. Espermaren organoa buruaren hutunean kokaturik dago eta organo horrek (espermazeti deritzona), benetan garapen ikaragarria lortzen du (buruaren % 90 izatera heltzen da). Melvilleren garaian ez bazekiten ere, gaur badugu egitura itzel horren arrazoiaren berri. Buruan duen olioaren dentsitatea aldatuz, flotagarritasunaren kontrola eta oreka mantentzea lortzen du katxaloteak. Olio berezi hori gizakiak aspaldidanik gutiziatu du, gai hori botika eta kosmetika produktuetan oso erabilgarria baita. Katxalote batek, buruan duen espermazeti organoaren bidez, 5000 kg-ko kalitate hobeezineko olioa eman dezake. Haragia eta koipea ere industrialki ustiatu dira. Detergentez, tintaz, bernizaz, lubrikantez, margarinaz eta abarretaz mintzatzen denean, jakin gabe, hildako zetazeoez hitz egiten ari gara. Beraz, ekonomiak eraginda, katxalotearen ehiza gero eta areagotuz doa eta urtean-urtean dozena milaka ale akabaturik suertatzen dira. Sarraski horren gailurrera XIX. mendeko bukaeran heldu zen, garai hartan arpoijaurtigailua asmatua izan zenean. Zorionez, azkeneko berrogei urteetan, Baleetarako Nazioarteko Komiteak eraginda, Ipar-ekialdeko Pazifikoan izan ezik, beste itsaso guztietan debekaturik dago katxaloteen harrapaketa, eta 1972. urtean 21.000 banako hil bazituzten ere, gaur egun esan daiteke bat ere ez dela ehizatzen. Dena dela, aipatu behar da, kontsensu horren erdian, balea-ehiztari piratek eta Japoniako ontzidiak, kasu handirik egin gabe, balearen arrantzan jarraitu dutela. Esan behar da, halaber, Europar Batasunak 1982ko urtarriletik aurrera hartutako erabakia. Horren ondorioz, balegairik duen edozein produktu merkaturatzea debekatuta dago. Erabaki horrek berebiziko garrantzia izan du katxalotearen populazioaren baitan, animalia haren olioa, zapatagintzako industrian, lubrikagintzan, ekintza militarretan nahiz zehaztasun handiko teknologian oso erabilia baita.



Itzuli