edukiak

Ezpalarta (orka) da anker eta basati suerta daitekeen zetazeo bakarra. Ar zaharra 10 metroko luzera izatera hel daiteke. Animaliaren kolorea oso berezia da, zuria eta beltza, eta begiaren atzealdean eta goialdean badu mozorro antzeko beste narrio zuri bat. Ezaugarri hori eta bizkar gainean duen hegats handia dira, itsas zabalean ikusten ditugunean, ezpalartak direla jakiteko erreferentziak.
Ezpalartek zeharo ankerrak izatearen ospea bereganatu dute; eta, egia esan, zenbaitetan itsasontzien edo txalupen aurka grinaz jo izan omen dute, ontziak urperatu arte. Kasu horretan, itsasora eroriz gero, arrisku handia dago gizakia orkak irentsia gertatzeko. Ez dago garbi ezpalarten erasoketa horiek zergatik gertatzen diren, baina ikertzaile batzuek uste dute ontziak itsas txakurrekin edo beste zetazeoekin nahastu egiten dituztela, eta ondorioz, erasoa sortzen dela. Ezpalartak aseezinak dira, eta horrek ematen dio animalia horri beldurgarria izateko beste arrazoi bat. Behin orka bat ehizatua izan zen eta haren urdailen 14 izurde eta 14 itsas txakur aurkitu zituzten; gainera, harrapatua izan zen unean, hamabosgarren itsas txakurra irensten ari zen.
Zetazeo horrek, izotzmendiaren tontorrean pinguinoak, itsas txakurrak edo mortsak behatzen baditu, urpetan metro asko murgildu eta abiadura handienarekin gorantz egingo du igerian, azkenean izotz-geruzaren kontrako kolpe itzela gertatuz. Erasoaren ondorioz, izotz gainean dauden animalia batzuk uretara erortzen badira, orduan orkak harrapatu egingo ditu hortzez beteriko aho beldurgarriaz; ondoren, hil eta jan egiteko.
Ezpalartek 5 edo 6 lagunen taldetan egiten dituzte haien sarraskiak, eta haiek baino askoz handiagoak diren baleei ere erasotzen diete askotan, eta bizirik dirauten bitartean, haragi puskak urratzen dizkiete. Orain dela zenbait urte, 30 ezpalartak erasotutako balea urdin bat filmatzea lortu zuten Kalifornian. Bost orduko borrokaren ondoren, balea hiltzea lortu zuten. Oso ankerra eta bortitza izan zen eszena. Ezpalartek elkarri laguntzen zioten eta erasotzerakoan lana banatu egiten zuten: batzuk balearen aurrean jartzen ziren alde ez egiteko; beste talde bat goialdean kokatzen zen, zetazeo erraldoiak itsas azala erdiets ez zezan, eta era horretan asfixia zedin; beste hirugarren talde bat balearen azpian jarrita zebilen baleak itsas sakontasunetara ihes egin ez ziezaien, eta bitartean, ahalegin guztiak egiten zuten hozka egiteko, hozkada bakoitzean kolosoaren haragi tonak, odoletan, urratzen zituztelarik. Gaur dakigunez, ezpalartak ez ditu horrelako jokabide oldartsuak azaltzen gatibu dagoenean; bai, ostera, bere habitatean libre dabilenean.
Ezpalarten eraketa soziala oso konplexua da, eta gaur egun ditugun datuen arabera, ezpalarten gizartea ugaztunen artean ezagutzen dugun egonkorrena da. Adibidez, banako bakoitza indibiduotzat identifikaturik ohi da taldearen barnean, eta talde bat antolatuz gero, bizitza osorako egituraturik gelditzen da; alegia, talde horretako lagunak beti elkarrekin ibiliko dira.
Ezpalarten artean, hiru eraketa modu aztertu dituzte. Batetik, ezpalarta auzotarrak ditugu; horiek itsasalde berberetan bizi dira, bizitzan zehar lekuz aldatu gabe. Talde horietako orkak, adibidez, beti (bizitza osoan, alegia) amaren ondoan bizi izango dira. Bigarren taldea ezpalarta mugikorrena dugu; horiek taldean, itsasoko bidaiariak dira. Azkenik, hirugarren taldean ezpalarta nomadak ditugu, talde txikitan (5 balea inguru) dabiltzala, eta batez ere kostaldeetan ibiltzen dira, izokin eta itsas txakurrak ehizatzen.
Ezpalarten artean, emeen helduaroa 15 urte inguruan heltzen da. Bost urtez behin dakarte kumetxo bat, oso jaiotza-tasa txikia, beraz, baina ezpalarten artean heriotza-tasa ere oso apala da kontuan hartzen badugu emeen batez besteko bizitza 80 urtera hel daitekeela (arrena, ostera, 60 urtekoa da). Orduan, orka talde batean lau belaunaldiko banakoak biltzen dira eta, ondorioz, oso talde iraunkorra moldatzen dute.



Ezpalarta


Mazopari buruz zer esan? Beti kostaldearen inguruan ibiltzen da eta burua ur gainetik lau aldiz minutuko agertzen du. Oso zetazeo xumea da dituen neurriei begiratzen badiegu; bi metroko luzera eta 50 kiloko pisua. Elikadurarik preziatuena arrainak, zefalopodoak eta oskoldunak ditu. Arrantzaleek animalia baketsu hau gorrotatzen dute, sareak urratu eta hondatzen baititu.
Mazopa, zetazeoen artean aspaldidanik, gastronomiaren aldetik, jaki berezitzat jo dute. Historioak dioenez, Henrike VIII.aren gortean, sukaldari bati sari berezi bat eman zioten mazopa errerako saltsa berezi bat asmatzeagatik. Gaur egun ere mazoparen haragia oso preziatua da zenbait tokitan. Horretarako, haragia xehatu egiten da bolatxoak moldatu arte eta gero hainbat espeziarekin atondu; adituek diotenez, horrelako albondigak halako ardo berezi batekin lagunduz gero, boccata cardinale duzue mahai gainean. Eta apaizek gauza horiei buruz asko dakiten lekukoa honakol hau duzue: Dumfermlineko fraide zaharrek (horiek dira gehien dakitenek, noski) Henrike VIII. aren garaiko koroarekin tratua zuten. Haren ondorioz, koroak urtero mazopa sorta bat eskaini behar zien monastegiko lekaideei, horiek erregeari urtean zehar emandako zerbitzuen truke. Kronikak dioenez, fraide haiek, beste sari askoren gainetik, mazopa zuten gauzarik preziatuena. Beraz, Euskal Herriko kostaldeetatik baten bat azaltzen bada eta ehizatzeko gai baldin bazarete, badakizue nola prestatu neurriz kanpoko jaki berezia. Gainera, jakin ezazue mazopa-koloniak oso ugari direla Frantzia aldeko kostaldeetan, behin edo behin, gure kostaldeetaraino ere arazorrik gabe hel daitezkeelarik.



Itzuli