Lehen esan bezala, balea-bizarrak dituzten zetazeoak Mistizeto izenekoak dira. Horiek dira, normalki, benetako baleatzat hartzen direnak. Espezie horien artean lau aztertuko ditugu bereziki: balea grisa, xibarta, zerea eta euskal balea.Balea grisak dituen ezugarriengatik familia oso bat (Eschrichtiidae) betetzen du, zetazeoen artean. Oso zonalde bitxi iledunak ditu buru gainean, haren jatorri ugaztunarraren arrasto fosilak segur aski. Uraren azalean igeri egiten duenean, erraz ezagutzen da, duen kolore grisdun leunarengatik. Bizkarroiek buruari ematen dioten itxura ikusgarria da, eta buru horretatik sortzen den turrusta bikoitza lau metroko altuerara irits daiteke. Atsedenaldian dabilenean, ordu erdia baino gehiago iraun dezake itsas gainean, eta maiz askotan izurdeekin batera ikusten da igerian.Animalia horiek migratzaile trebeak dira eta urtero 20.000 kilometro inguru egiten dituzte. Oso harrapakari ankerrak ditu. Bata, bere-berezko ingurukoa, ezaguna dugun ezpalarta da; bestea, beldurgarriagoa, gizakia. Atlantikoan, garai batean, 100.000 balea gris bizi izan ziren. Gaur egun ez da bat ere gelditzen, jasan behar izan zituen sarraskien ondorioz. Ozeano Barean, 30.000 banako zeuden, eta mendearen hasieran 4.000 baino ez ziren jadanik gelditzen. Espeziea desagertzera zihoala ikusirik, premiazko neurriak hartu behar izan ziren, eta haren ehiza debekatu. Gaur egun, l0.000raino igo da kopurua.Azkeneko urte hauetan, berriz ere, modan jarri da balea grisa, batez ere 1975. urtetik aurrera ikertzaileek egin dituzten aurkikuntzengatik. Urte horietan, Bering itsasoan itsaspeko ikerketak egiten hasi ziren, gero leku haietan petrolio-plataformak eraikitzeko. Lan horietan ari zirela, hara non ikusi zuten, harriduraz, itsas hondoa, bide eta zulo luze eta zabalez gurutzaturik zegoela. Itsasazpiko zelai eta bide horien zergatiak, hasiera batean, guztiz misteriotsuak agertu zitzaizkien ikertzaileei.Urte zenbait iragan ondoren, datu gehiago hasi ziren agertzen eta hasiera batean susmoa baino ez zena errealitate bihurtu zen. Itsaspeko autobide horien ingeniariak balea grisak eta mortsak omen ziren. Baina nola da posible horrelako ingeniaritza-lana egitea? Eta are kitzikagarriagoa: zergatik egiten zituzten baleek lan ikaragarri haiek?XIX. mendeko baleazaleen idazki zenbaitetan irakur daiteke ikusita zutela zetazeo batzuk ahoa lohiz beterik itsasoetatik irteten. Are gehiago, balea banakoren bat hartu, eta sabela urratuz gero, izkira antzeko animalia-masa handiak aurkitu zituztela egiaztatu zen. Baleazaleek adierazitako lekukotasun horiek eta azkeneko ikerketek itsaspean gerta daitekeenaz eredu koherente bat sorrarazi dute, eta, gaur egun, itsas hondoko misterio ernagarri hori argitzen hasi da.