Kostaldeko herrientzat diru-iturririk nagusienetakoa zen jarduera horrek, nola ez, agintea ere erakarri zuen. Udalak ez ezik, Elizak, koroak, probestuak, eta abarrek kontrolatu nahi izan zuten baliabide hori, eta zerga-sare zabala sortu zuten balea-arrantzaren inguruan. Bestalde, hain arrisku eta irabazi handiko eginkizuna izanik, jende asko eta arrantzale ugari biltzen zuen inguruan. Oztopo eta sesioak erruz sorrarazten zituen hainbesterainoko jendetzak eta nahitaezkoa izan zen araudi bat finkatzea, garaian garaiko behar eta eskakizunetara aldatuz eta egokituz joango zena.Antolatze- eta taxutze-lan horretan eragin eskerga izan zuten anaidiek edo kofradiek: talaiaria izendatu, ordaindu, tresneria kontrolatu, etekinen banaketa zehaztu, auziak konpondu... Hori guztia haien ardurapean zegoen. Hiribilduak beraiek baino antzinagokoak, arrantzaleen elkargoak ziren horiek, beren babesa eta laguntza bilatzeaz gain, arrantzarekin lotua zegoen guztiaz arduratzeko sortuak. Hasiera batean, itsas ertzeko arrantzak kapital handirik eskatzen ez zuenean, kofradien barne-egitura xumea izango zen, desberdintasun sozial handirik gabea. Geroago, enpresa handiagotan sartuz joan ziren heinean, indar berriak sortu eta dirutza handien jabe zirenek kide asko langile huts bilurtu zuten soldata baten truke.Balea saldu eta banatu egin behar zeneanHain bitxi preziatua zenez, balea zati askotan banatzen ohi zen; izan ere, asko ziren diru-iturri oparo horren mahukaren zain zeudenak. Ikus dezagun. Itsasoa zein lurra erregearen jabetza zirenez, horrek bazuen haien erraietatik ateratzen zen guztiaren gain zenbait eskubide. Horrexegatik, harrapatzen ziren “arrain” etatik, balea barne, hainbesteko bat eskatzen zuen koroak, Ipar nahiz Hegoaldean. Balearen gaineko zerga horiek ez ziren herri guztietan berdinak, eta abagunearen arabera ere aldatu egiten ziren. Lekeitiok, adibidez, Bermeo eta Portugaleterekin batera, harrapatzen zen guztiaren l5etik bat eman behar zion erregeari. Getariak, berez, urteko lehen balea eta Zarauzko herriak, 1237ko bere hiri-gutunearen arabera, balea bakoitzeko burutik hasi eta buztanerainoko xerra bat. Biarritz eta Angelukoek, ordea, 15 libera luzatu behar zioten Ingalaterrako Eduardo I.ari harrapakineko.Sarritan ikusten da erregeek, zerbitzu zein mesede batzuen ordainetan, beste batzuen esku uzten zituztela etekin horiek, edo etekin horien puska batzuk: kontzejuen esku, burges edo probestu baten esku... Donostiako probestuak, adibidez, Done Miliagako Artxibategian aurkitutako dokumentu batek dioenez, Getariako lehen bale erdia jasotzeko eskubidea zuen. Zer-nolako istiluak sorraraziko zituen zerga zamatsu horrek! Udalak eta Elizak ere jasotzen zuten zegokien partea. Ordenantzetan sarri aipatzen dira zerga horiek eta haien gainean dagoen araudia. Herri bakoitzak bere akordioak zituen. Eliza, normalki, mihiaren jabe egiten zen. Udalak, berez, hainbesteko bat jasotzen zuen eta ordainetan, kaia, portua eta inguruak txukun mantentzeko eginkizuna zeukan.Eman behar horiek eman eta gero, geratzen zena balearen harrapaketan jardun zutenen artean banatzen zen. Partiketa hori nola egin zehazten zuen legedi bakar bat ez omen zegoen eta bazeuden aldeak herri batetik bestera. Baina, orokorrean, bide beretsutik zihoazela ere esan daiteke.Lekeitioko ordenantzek ziotenez, honako hauek ziren banaketarako hartu beharrekoak: ehizean parte hartutako txalupa guztiek jasotzen zuten beren zatia, denentzako berdina. Parte hartzeak zer esan nahi zuen? Balea akabatu baino lehen, “antes de que les salga el espiritu” iristea harrapaketaren tokira. Horrez gain, “abantailak” edo “sariak” zeuden. Batetik, harrapatzeko ordenaren arabera, eta bestetik, tresneriaren egokitasuna kontuan harturik. Lehenagotik hasita, hots, ordenatik, beste bereizketa bat egiten zen baleakumea ala baleama izan. Harrapatutakoa kumea bazen, lehenengo 6 txalupak baino ez ziren sari-jasotzaileak. Aurrenekoa buruaren eta buztanaren laurdenaz jabetzen zen; beste bostek, ordea, gainerako hiru laurdenak jasotzen zituzten. Ama suertatzen bazen, berez, lehenengo hamar txalupak ziren sarituak. Ama-kumeak elkarrekin igerian ari baziren, askotan gertatzen zen bezala, kumea zauritzen zuen lehen txalupa amarekin saiatu ez arren, horren sari-jasotzaileen artean sartzen zen, bederatzi horien arteko lehena bezala. Izan ere, kumea harrapatzeak izugarri errazten zuen amaren ehiza, horrek ez baitzuen inoiz alde egiten kumea bertan utzirik.Tresneriaren egokitasuna zela eta, kumea zauritzen zutenek unamagatik bi kintal lehenengoak eta bana gainerako bostek kobratzen omen zuten. Tresneria txarrak, antza, galera itzelak ekartzen zituen.