Dakigunez, bospasei hilabeteko arrantzaldiak egiten zituzten euskal baleazaleek. Batzuetan ere, izozteak ezustean harrapatuta, hantxe igaro behar izaten zuten negua. Halaxe gertatu zen 1570. urtean: ohi baino lehenago heldu zen hotzaldia, tripulazio anitz Ternuan geldiaraziz (kalte eta heriotza ugari sorraraziz, gainera). Eta horrelaxe, urteak joan eta urteak etorri, mende oso batean zehar. Egonaldi haietan bertako herriekin harremanetan jarri ziren, gauzak trukatuz nahiz bertakoek beren laneskua eskainiz. XVII. mendetik aurrera, batez ere, Europan larruen moda zabaldu zenean, amerindiarrek gogotik ekingo zioten animaliak ehizatzeari, kastor eta lepahorien larru haien truke, baleazaleek eramandako janariak, sagardoa, pattarra eta metalezko lanabesak lortzearren. Halere, eta merkataritza-harreman haietara soil-soilik mugatu ez bazen ere euskaldunen bertakoenganako eragina, oso azaleko kolonizazioa izan zela esan beharra dago, kostaldekoei mugatua. Ternua ingelesen eskuetara pasatu zenean, XVIII. mendean alegia, euskaldunen nortasunari egotziko zion frantses batek galera hura “beren (euskaldunen) hizkuntza, ohiturak eta zuzenbide tribalak eraginda, ez baitaukate ez jabetasunaren noziorik, ez eta beren nazioaren eskubideak defendatzeko irrikarik ere”.Bidegabeko salakuntza, dudarik gabe. Izan ere, garai hartako inperio-irrikak zirela eta, koroek erabakitzen zuten zer-nolako kolonizazio mota bultzatu eta zein lurraldetan. Lur-okupazio iraunkorrak ere errege-erreginek erabakitzen zituzten beren estrategia politiko-ekonomikoaren barnean. Euskal baleazaleen erabakitzeko boteretik at geratzen zen arazo hura. Hegoaldeko euskaldunei zegokienez, Gaztelako estrategia inperialistatik at gelditzen ziren Iparraldeko lur haiek. Izan ere, Tordesillasko Itunaren arabera, Portugalen esku geratzen zen Ternua. Habsburgotarrak Iparralderantz babestu zituzten espedizioek Txinarako bidea aurkitzea omen zuten helburu bakarra. Eta, agian, hain garrantzitsua zen Ipar itsasoetako kontrola ez galtzearena ere izango zuen xedea. Frantziako erregea, ordea, bizikiago salatu zen, XVII. mendean kolonizazio-saioaldi batzuk bultzatuz, arrantzagunenik aberatsenetan (Plasentzia izeneko badian esaterako), bertako baliabideak hustiratzeko asmoz, batez ere, Ternua Frantziaren kolonia izan zen urteetan. Baina, kasu horretan ere, kolonizazioa ez zen Parisko koroaren lehen helburua. Frantziaren estrategia nagusia Europara zuzendua zihoan, bertan finkatu nahi baitzuen bere hegemonia. Itsas inperio baten formazioa, ordea, bigarren mailako xedetzat hartzen zuen. Gauzak horrela, ez zuen luzaroan iraun Frantziaren kolonizazio horrek eta oso sakona ere ez zen izan, larru-merkataritza zabaldu zuten arren.Ingelesena, aldiz, bai, sartze-kolonizazioa izan zen, iraunkorra, planifikatua, familia oso-osoak betiko hango lurraldeetan lekutuz joan zena. Lurjabe bihurtzeko grina zuten kolono berri haiekin batera helduko zen ehizatik bizi ziren tribu amerindiarren genozidioa. Izan ere, kontinente osoaz jabetzera zetorren gizaki zuriari aurre egin ezin zion azal gorriak eta “basati ona” zena “odol egarridun basati” bihurtuko zuten. Baina oraingoan ez dagokigun istorioa da hori. Euskal arrantzaleen denboraldiak ez ziren iraunkorrak izan, esan bezala. Edonola ere, gure herriaren aztarna utzi zuten, dudarik gabe. Bertako portu eta badien izenek, dakigunez, euskal kutsua gorde zuten berandurarte. Plasentzia, Anton-Portu, Balea-baya, Labeeta, Mingain, Opor-Portu, Buria Txurea, Buria Handia eta beste hainbat toponimoren albiste dokumentuen bidez heldu zaigu. “Nouvelle Biscaye” (Bizkaia Berria) izenaz bataiaturik agertzen da gaurko Kanadaren zati bat mapa zahar askotan. Euskararen eragina, alabaina, ez zen toponimiara mugatuko eta Ternua, Labrador eta Saint Lawrenceko lurretan bizi zirenek gure marinelekin batera sorrarazi zuten merkataritza-tratuak bideratzeko baliagarri gertatzen zen “mordoilo” hizkuntza berri bat.