Lescarbot bidaiariak jasotako datuen arabera, Cartier eta Champlain ikusketarien bidaien arteko urteetan (l540tik 1640ra goiti-beheiti, hau da, euskaldunek hango kostaldeak jendeztatu zituzteneko denboraldia) aldaketa nabarmen zenbait gertatu ziren hango herriengan, hizkuntzarena haietariko bat izan zelarik. Eraldaketa haiek, gainera, euskarak eraginda zirela zioen aipaturiko idazleak: “Les Canadois ne traitaient parmy les Francais en autre langue que celle des basques” (“Kanadakoek ez zuten frantsesekin hitz egiten euskaraz baino”). Frantsesak euskaraz egitera behartuta!Ez horrenbesterako baina ia-ia.Hego Labrador eta Ternuako itsasaldeetatik (53 º) Mainekoetaraino (43 º) eta Saint Lawrence ibaitik gorako urbazterrak, lurralde haiexek bisitatu zituzten euskal arrantzaleek mende luze batean zehar, baita bertakoekin tratuak egin ere, arestian esan bezala. Herri zenbait bizi ziren han, inuitak (eskimalak) Labradorren, beothuak Ternuan, micmacak, montagnaisak eta Saint Lawrenceko irokesak eta Atlantikoko kostaldeko maliseetak. Herri haiek hizkuntza ezberdinez mintzatzen ziren eta elkar ulertzeko keinu-hizkuntza izango ote zuten diote batzuek. Haren berririk ez zaigu heldu, jakina. Bai, ordea, euskal baleazaleei dagokiena.1600. urteen inguruan ugaritzen hasi ziren misiolari jesuiten txostenetan eta bidaiarien txostenetan onartu egiten da euskaldunek beste europar nazioek baino harreman hobeak zituztela bertakoekin. Orduantxe hasia zen Frantziako erregearen nahia bertako larru preziatuen merkataritza bere alde monopolizatzeko. Eta hori lortzeko, euskaldunak zituen gainditu beharreko oztopoetako bat. Batetik, ez zuten monopolio hura onartzen; baina, bestetik, micmacak zituzten haien alde, frantsesen aurka “konspiratzeko” prest. Ordura arte nobleziak soilik janzten zituen lepahorien eta kastoren larruak, moda bihurtuz, izugarri zabaldu zen Europan alderik alde eta Frantzian batez ere. Horrela, arrantzak lehen mailako garrantzia galdu eta ontzi batzuk larrutara bakarrik joaten hasi ziren, sagardoz, pattarez, ontzi txikiz, arropaz, aizkoraz, labanaz, jostorratzez eta bestelako purtxileriaz zama-zama eginda, askoz ere baliotsuagoak baitziren larruekin trukatzeko. Hara agertutakoetan lehenak izan zirelako, kolonizatzeko gogoa erakutsi ez zutelako edo auskalo zergatik, baina micmacekin eta montagnaisekin tratuan besteek ez zuten abantaila eta bai euskaldunek, eta hartaz baliatuko ziren, behin baino gehiagotan, beren bitartekotza inposatzeko. Baita Frantziako Henrike IV.aren ofizialei irri egiteko, 1606. urtean gertatu bezala. Urte hartan, merkatari frantsesek atzeratu egin zuten haien bidaia eta bertakoek neguan bildutako 6.000 kastor-larruak euskaldunek erosi zituzten. Frantsesek erregearengana jo zuten protesta bizian, zera esanaz, euskaldunek erregearen agindua bete ez eta basatiei erosi egin zizkietela beraiei zegozkien larru guztiak...Harreman haien frogak ere litezke micmacen buruzagiek Baionara edo Ziburura eginiko bidaiak. Micmacen elezahar batek dioenez, haien buruzagi bat “Frantziara” abiatu zen, ehiza nola prestatu bertakoei erakusteko asmoz. Sukaldaritzari diogun zaletasuna jakinez gero, dio Herbehereetako Peter Bakker hizkuntzalari euskarazaleak, Ipar Euskal Herrian kokatu beharko genuke ipuin hura, Frantzian baino egokiroago.Edonola ere, harreman haiek estuak izan zirenez ondorioz sortuz joan zen mordoilo hizkuntza. Sorgin-ehiztari zen Pierre de Lancre famatuak ere “Kanadakoekin tratuan aritzeko frantsesek euskaraz egin behar zutela” zioen. Arestian aipaturiko Lescarboten ustez, kostaldekoen mintzairaren erdia euskara zen; beste batzuek diotenez, euskara eta amerindiarren hizkuntzen bitarteko lingua francaz mintzatzen ziren hangoak, europar guztiek ulertzeko modukoa zelakoan. Europarrek hitzik ulertu ez, ordea, eta ikasi beharrean aurkitu omen ziren (bertakoena zelakoan, gainera). Mordoilo horri souriquois deitzen zioten, frantseseko zurikoa (azal zuriei dagokiena) edo sourikoa (Souris ibaikoa alegia, bertan egiten baitziren euskaldunen eta bertakoen arteko tratu ugari). Mordoilo hura estrukturalki nolakoa zen jakiterik ez daukagu, oraingoz behintzat. Izan ere, haren egiturarik ez zaigu heldu, heldu zaigun bakarra zera da, esalditxo gutxi batzuk eta hitz mordoxka bat. Edonola ere, mordoilo hizkuntza batek ez du, izatez, ez gramatika egonkorrik, ezta hiztegi finkorik ere; gainera, oso gai mugatuetaz hitz egiteko balio du, merkataritza-harremanetaz batik bat. Ez Kanadan bakarrik, Islandian ere gertatu zen tankerako “mordoilo euskara”ren fenomenorik, ingelesa eta nederlanderarekin nahasturik. Hona haren adibide batzuk: “Christ Maria presenta for mi balia, for mi presenta for ju bustana” (“Kristok eta Mariak balea bat emango balidate isatsa emango nizuke nik”); “for mi presenta for ju biskusa eta sagarduna” (“bizkotxo eta sagardoa emango dizkizut”); “for ju mala gissuna” (“gizon gaiztoa zara”); “bocatafor me attora” (“ikuz iezadazu atorra”).Ternua eta Labrador aldeko sasihizkuntzen adibiderik xelebreena eta ospetsuena, ordea, “Zer moduz” galderari micmacen erantzuna dugu, dudarik gabe: “Apaizak hobeto”. Hona hemen beste batzuk: “Ania, kir capitana?” (“Anaia, kapitaina al zara?”); “Endia chave Normandia” (“Frantsesek gauza asko dakite”); “Gara gara ender-quir gara gara” (“Gerra izango dugu”). Adibiderik aipagarrienak, halere, euskal jatorria (edo euskal kutsu nabarmena erromantzeetatik hartuak direnean) izan zezaketen zenbait hitz ditugu, kontuan harturik horietako anitz esangura ezberdinarekin erabilitzen zirela eta askok, gainera, “a” hizkia hartzen zutela bukaeran, euskararen antzera:HITZA ESANGURA EUSKARAZADESQUIDES Adiskide Adiskide ANIA Anaia Anaia ATORUAY Atorra, alkandora Atorra, alkandoraBASQUOA Euskalduna EuskaldunaCAPITAINA Kapitaina KapitainaCARACONA Ogia Gari ona?CARCARIA/IRCAY Zakila Karkara, Irri-karkara? CASTAIGNE Magina Gaztaina, magina?CHIMONUTZ Barruko ileak bezain trinko landatua Txima, txima luze?ECHPATA Ezpata EzpataELEGE Errege ErregeENDIA Asko, gauza asko HandiaKESSONA Gizona Gizona MAKIA Makila MakilaMARIA Balea BaliaMERKATERIA Merkataria MerkatariaMOUSCHCOUCHA Bizkotxoa, itsasogia MuskutsaORIGNAC Altzeak OreinakPILOTOUA Xamana, petrikiloa PilotuaSOURICOA Micmacen hizkuntza Zurikoa?TABAGIA Oturuntza Tapakia (aterpea)?Lehenengo frantses kolonoek erabili behar izan zuten euskal mordoilo horrek zera frogatzen digu, alegia, XVII. menderako jadanik, bazeudela aspalditik finkatutako ohiko harremanak euskaldunen eta bertakoen artean. Baliteke, baita, hizkuntza alorrean bakarik ez agortzea (hizkuntzara soilik ez mugaturik izatea) kultura-truke haiek. Bakkerren ustez, arte eta elezaharren esparrura ere zabal daiteke elkarrenganako eragina. Itxaron beharko dugu gai honetaz ikertzen ari denaren ondorioak jakin arte.