edukiak

Euskal baleazaleek XVII. mendera arte eta geroagoko holandarrek eta britaniarrek XVIII. mendean eragindako baleen harrapaketek, euskal balea desagertzeko zorian jarri zuten. XVIII. mendearen bigarren partean, jadanik  ezin aurki zitezkeen ez Groenlandiako balea, ez eta euskal balea ere. Data horiek eman daitezke, beraz, Euskal Herriarekin hain harreman estua izan zuen animalia eder eta miresgarri horren agortzea adierazteko. Gaur egun, banako batzuk gelditzen badira ere, espeziearen mezu genetikoak bizirik irauteko kinka larrian dago, eta ikertzaile askoren iritziz, espeziea desagertutzat eman daiteke. Guri egokitu zaigu, beraz, zetazeo hori, milioi urtetatik hona ibilitako bide ebolutiboaren etenaren eta bizidun unibertsotik desagertzearen “pribilegioko” lekukoak izatea. Gure herriari hainbeste aberastasun eta opari eman zizkion zetazeoak betiko ezerezaren iluntasuna jaso zuen truke.
Euskal balearen historia triste hau ez da, dena den, askoz luzeago eta tristeago den beste historia baten urrats bat baino. Zetazeoen tragediaren lehenengo urratsa, alegia. Euskal balea akabaturik, gizakiak indar handiagoz ekin zion beste balea moten ehizari. Horrela, XIX. mendean (batez ere 1835-1846 epealdian) katxalotea eta xibarta baleazaleen helbururik preziatuen bihurtu ziren. Ehiza horretan, AEBko flota izan zen jaun et jabe. 1905-1914 urteen artean, 70.000 xibarta akabatu zituzten, eta, azkenean, euskal balearekin gertatu zen moduan, espezie hori desagertzeko zorian jarri zuten.
Triskantza berri horrek ezer erakutsi ez baligu bezala, balea-industriak zereen harrapaketari ekin zion, harrapari itzela den aurrerapen teknologiko batekin, gainera: arpoi-kanoiarekin. Hasiera batean, harrapaketak Ipar hemisferiora mugatu zen, baina han zeuden zetazeo taldeak eskasak ziren, nahi zituzten etekinak ateratzeko. Orduan, Hego hemisferiora jo zuten. Eta han gertatutako sarraskia inoiz ez bezalakoa izan zen. 1930-31 urteen artean, 30.000 zere urdin akabatu zituzten! 1925-1940 urteetan, marka guztiak hautsi zituzten eta inoiz ezagutu den animalien hilketarik ikaragarriena gertatu zen. Epe horretan, 350.000 zere urdin erahil zituzten, eta espezie horren iraupena arrisku larrienean jarri zuten.
Heriotza sistematiko horiek gizakien ezaugarririk nabarmenenak balira bezala, espezie berri baten ehizari hasiera eman zioten, zere arruntarenari, alegia. Geroago ipar-zerea hiltzeari ekin zioten; ondoren, katxalotea harrapatzeari eta azkenik “hegazuri” deritzon beste zere motarenari. Hori dela medio, espezie guztiak gehiegi ustiatu zituzten, eta haien existentzia kolokan jarri zuten.
Mugagabeko sarraski horiek guztiek bultzatu zuten Nazioarteko Baleak Babesteko Elkarte bat antolatzera, 1946. urtean. Bertan Baleen Aldeko Batzordea sortu zen. Talde hori saiatu da, askotan arrakasta handirik gabe, baleen kontrolik gabeko ehiza murrizten, eta zenbait kasutan, debekatzen.
Batzuetan, batzar horrek lortu izan du balea-espezie zenbait guztiz babestea eta haien ehiza erabat debekatzea. Dena den, haren eragina garrantzitsua bada ere, askotan fikzio hutsa baizik ez da izan. Estatuek onartu dituzten ehiza-mugak, praktikan ekonomikoki interesgarriak ez diren espeziekin lortu baitira, alegia, ia-ia desagerturik daudenekin. Baina neurri horiek eraginkorrak izan daitezen, gaur egun, talde handiagotan dabiltzan espezieetara zabaldu behar dira.
Talde ekologistek ere eraginkortasun handia izan dute, batez ere iritzi publikoaren gain, gertatutako baleen sarraskiez ikerketak eta datu ugariak argitaratu baitituzte. Baleekin gertatutako sarraski itzela ezagutzeak gure gizartearengan errudun-ustea sorrarazi du, eta egun baleak zaintzeko eta babesteko kontzientzia inoiz baino zabalduago dago.
Talde ekologisten eta Nazioarteko Baleak Babesteko Elkartearen ekintzen ondorioz, gaur egun balea-espezie guztien ehiza kopurua gero eta txikiagoa izatea lortu da. 2007. urtean, berretsi egin zen balea-ehizaren inguruko moratoria edo luzamendua, nahiz eta Japonia bezalako estatu batzuk ados egon ez. Dena den, balearen aldeko mugimendu hori dela eta, XXI. mendearen hasiera honetan lortu da balea izaki adimenduna eta sentikorra dela frogatzea, eta gurekin planeta partekartzen dituzten beste espeziekin batera, akabatu gabe, elkar bizitzeko gai dela azaltzea.



Balea ehizatzeko lanabes egokiak zituzten euskal arrantzaleek



Itzuli