Orain dela gutxi arte, baleari buruzko ikerketa guztiak hilda edo estresak jota zeuden animaliekin egin dira. Horregatik, ulergarria bada ere, bitxia gertatzen zaigu ikustea XVIII. eta XIX. mendeetako baleazaleek nola ikusten zituzten zetazeo haiek. Hil eta gero, askotan, balea azalean gelditzen zen eta orduan erraietako gasek puztu egiten zuten animalia. Horrela, arrantzaleek osoki ikusten zutenerako, anatomia deformatua zegoen eta zetazeo haiek itsas ugaztunak baino, itsasoetako munstro bitxiak ematen zituzten.Teknikak hobetu ahala, aukera gehiago izan zuten arrantzaleek eta naturalistek baleen morfologiak objektiboki zehazteko. Ez, hala ere, animalia horiek azaltzen zituzten jokabideak, dakigun bezalaxe, ugaztun hauek bere denboraren % 80 urpetan ematen baitute.Bale-espezie zenbait desagertzear zebilela alde batetik, eta teknologiako azken urteetako aurrerapenak bestetik, bi arrazoi horiek egoera guztiz aldarazi dute. Horrela, azkeneko hamarkadetan, urgain eta urazpiko gailu bereziak eta sofistikatuak erabiliz, desagertzeko zorian zeuden euskal balea batzuekin, portaeraren gaineko ikasketa garrantzitsuak egin dira. Ikasketa horien ondorioak ezin zitezkeen ernagarriagorik izan. Euskaldunek mendetan zehar jarraitu eta ehizatutako baleak animalia adimentsuak direla azaldu zen azterketa horietan, eta haien jokabide kolektiboa, lurreko bestelako ugaztunenekin alderaturik, antzeko edo garatuagoa dela.Egindako azterketa horietan garrantzi handia izan dute balea horiek elikadura lortzeko erabiltzen dituzten estrategiak. Euskal baleek, itsas hondoko jana hartzeko, balea grisek egiten duten moduan, lokatzatik ahoaz xurgatuz hartuko zuketen; beste elikatzeko era (askoz normalagoa) talde handi eta hierarkizatutako saldotan ibiltzea da, eta, era horretan, itsas azala aho zabaldurik jorratzen dute eta bidean agertzen diren harrapakin guztiak irentsi. Talde horiek hamar bat baleak osaturik daude, eta V itxurako formazio orekatua moldatzen dute, askotan antzararen hegalaldiko egitura gogorarazten dutela. Formazio horiek hiru ordu baino gehiago lanean jardun daitezke janari bila. Dudarik gabe, kooperazio horrek abantaila handia ematen die janari gehiago harrapatzeko, bakarrik ibiltzekotan lor lezaketenarekin alderatuz.Sexu-harremanetan ikusitako jokabideak ere bitxiak dira benetan. Euskal baleen artean, dirudienez, emeek arra aukeratzen dute estaltzea egiteko. Arren arteko elkarlana ere ikusi izan da eme bat bortxatzeko, alegia, estaltzea egitera behartzeko. Horretarako, ar batzuek eme bat inguratu eta sabela gorantz jarrarazten diote gero urpetan murgiltzeko; modu horretan, jarrerarik egokienean dago estalia izateko. Orduan, zain dagoen ar batek zakila sartzen dio eta estali egiten du. Altruismo sexual hori oso jokamolde eboluzionatua da, eta zoologoek diotenez, egoera zenbaitetan ar batek eme bakar bat estaltzeko aukera handirik ez duenean, kooperazio horretara jo dezake, jakinaren gain geroago mesedea “itzuli” egingo diotela. Orduan, estaltze egoki baten bidez normalean lortuko ez zuena egingo du, alegia, bere kode genetikoa belaunaldi berriei pasatzea.Baleen artean, txipantzeen eta gizakien artean nabarmena den bezala, jokaera homoxesualak ere ikusi dira. Jokabide horiek ohikoagoak izaten dira balea gazteen artean, batez ere emea aurkitzeko zailtasun handia dagoenean, edota gazteek oraindik behar bezain gorputz heldua ez dutenean.