2.4. KRISIA MUNDU ZABALEAN

 

Ideia nagusiak
• 1929ko kraxaren zergatiak.
• Krisiaren eragina AEBn eta mundu osoan.
• Irtenbideak.
• Nazioarteko harremanen nahasmendua.

Idazlana
• Krisiaren eragina egitura politiko eta ekonomikoetan.

Enpatia
• Saiatu Erresuma Batuko eta Frantziako baketze-politikaren aldeko eta kontrako argudioak azaltzen.
• Estatu Batuetara iristean, etorkin gisa, amets asko zenituen. Orain, 1929ko krisia dela kausa, txakur-amets bihurtu dira. Azaldu gertatutakoa.

 

Chrysler Building.
1920ko hamarkadan, American way of life delakoa irudikatzen zuten etxe-orratzak, automobilarekin batera, Amerikako sinbolo unibertsal bilakatu ziren. Objektu gutiziatua, gurtua Estatu Batuetako langilearen ikuspegitik, automobila hedatu ein zen: 1910ean, milioi erdi bat matrikulatze egin ziren. Hamar urte geroago, 10 milioi; 1930ean, 26 milioi; eta,1940an, 32 milioi auto zeuden.

Ç

1. Estatu Batuak: oparotasunetik krisira


Azaleko oparotasuna: 1929ko kraxaren sorburua

Ekoizpenaren eta kontsumoaren arteko desoreka

Gerraostean, 1920-21era arte iraun zuen krisialdi ekonomiko labur baten ondoren, ekoizpenak sekulako hazkundea izan zuen eta Estatu Batuak “Bigarren Industria Iraultza” izenekoan sartu ziren. Fenomeno horren oinarrian, eztanda-motorraren eta elektrizitatearen erabilera zetzan eta, horien bitartez ondasun materialak ugaldu egin ziren: automobilak, irratiak, hozkailuak, ehun sintetikoak...
Taylorismoa izeneko lanaren antolamendu berriari esker, kopuru handitan ekoiztu eta fabrikazio-kostuak murriztu ziren; horrenbestez, produkzio-kostuak jaitsi eta prezio apalagotan saldu egin zitekeen.
Fenomeno hori, automobil-fabriken sortzaile izan zen Henry Ford-ek egindako asmakuntzak indartu zuen: kateko lana, alegia. “Ford T” automobila 1909an 900 dolarretan saltzen bazen ere, handik 16 urtera 300 dolar besterik ez zen kostatzen.
“Amerikarrek autoaren kolorea hauta dezakete, baldin eta beltza aukeratzen baduten guztietan” zioen Henry Fordek. Horixe zen ekoizpen estandarizatuaren garaia eta, horretan, ekoizpen-kostuak are eta gehiago merkatu ziren.
Horiekin batera, enpresen elkarketa handia nabaritzen zen: trust izenekoak bildu egiten ziren merkatuak hobeto menderatzeko.
Etengabe goraka zihoan ekoizpenari irtenbidea emateko, salmenta-teknikak berebiziko astinketa jasan zuen kredituaren eta publizitatearen bilakaera izugarriaren bidez.

 

Berrikuntza horiek guztiek “masa-kontsumoa” ekarri zuten ondorioz. Estandarizazioari eta prezioen beherakadari esker, gutxieneko soldata zeukaten guztiek gauza berri berdinak kontsumitzeko aukera zuten. Horrela, bada, gizarte-eredu uniformea eratu zen: American way of life. Sektorerik dinamikoena izaki, automobilgintzak 4 milioi lanpostu betetzen zituen. Bere fabriketan soldata garaiak ordaintzen zituen Henry Fordek, ongi ordaindutako langileak lana hobeto egin eta gehiago kontsumituko zuela uste baitzuen: fordismoa zen hori.
Ondo bizitzeko egarriak, dena erosteko, laneko emaitzak berehala xahutzeko eta beharretatik askatzeko gogoa piztu zen.
Merkatuak, ordea, ezin irents zezakeen izugarrizko ekoizpen hori: soldatapekoen erosahalmena ez zetorre bat prezioen gorakadarekin.
Elkarte industrialen etekinak % 62 hazi ziren, 1923tik 1929ra, baina langileari soldata % 23 bakarrik igo zitzaion. Gainera, zailtasunetan zebiltzan sektoreek (ikazkintzak, ehungintzak, AEBko hegoaldeko nekazaritzak) eta langabetuek (ia 2 milioi, 1928an) ezin zioten kontsumo horri eutsi.
Gainera, mailegua gehiegi erabiltzen ari zen. Horren bitartez, pizten eta suspertzen zen neurrigabeko kontsumoa. Krisialdiaren bezperetan, etxetresnen % 50, autoen % 60, irratien % 75, esate baterako, kredituz saldu ziren. Truke-letrek itota, familiak diru-sarrera osagarrien bila ari ziren buru-belarri.

 

1889tik 1941era bitartean, milaka beltz jipoitu edo akabatu zituzten, jendeaurrean gainera.

Antzerako gasolindegiak berrikuntza bat ziren Estatu Batuetan, 1920ko hamarkadan. Auto berriek eta iragarki zabalek garaiko oparotasunaren berri ematen digute.

 

Kateko lana.

 

Nazioarteko merkataritza, motelago

Bi arrazoirengatik gertatu zen moteltze hori: batetik, nekazaritza-produktuen gehiegizko ekoizpena eta, bestetik, industria-ekoizpenaren antolamendurik eza. Lehenak mundu osoan prezioen beherakada, stocken metaketa eta nolanahiko salmenta sorrarazi zituen. Gerraostean, Europako herrialdeek produkzio nazionalak berpiztu zituzten. Herrialde “berriek” (Estatu Batuek, Kanadak, Australiak, Argentinak), aldiz, asko ekoizten zuten, eta prezio apaletan, gainera.
Bigarren arrazoia ekoizturiko kopuruen gorakadak adierazten zuen. Herrialdeek barne-merkatua sekulako muga-tasen bitartez babesten zuten: 1922an, atzerriko produktuei mugetan ezartzen zitzaizkien zergak % 38koak ziren Estatu Batuetan.
Moteltze horren aurrean, nazioarteko cartelak ugaldu egin ziren, horien artean mundu osoko merkatua banatzeko.

Kapitalen mugikortasuna

Gerra amaitu orduko, diruaren egongaiztasunak kapital “alderraien” edo “mugikorren” merkatua sortu zuen mundu osoan. Kapital horiek estatu batetik bestera aldatzen ziren, irabazirik handienak ematen zizkieten inbertsioen bila. Estatu Batuetako kapitalak Alemaniara iritsi ziren, Estatu horrek, bere burua berriro eraiki nahi zuenez, interesik handienak eskaintzen zituelako. Epe laburrera ezarritako kapital horiek Alemanian bertan inbertitzen ziren berriz ere, epe luzera gehienetan. Kapital horiek guztiek batera alde eginez gero, Alemaniako eraikuntza ekonomiko osoa lur jota gera zitekeen.

Espekulazioaren mekanismoak

1921etik 1929ra bitartean, industria-balioen indizea % 600 gehiagotu zen, baina produkzioa % 30 besterik ez zen hazi. Akzioen burtsako balioak ia ez zuen errealitateko balioarekin zerikusirik. Hamar eragiketatik zortzi “albotik” egiten ziren, hau da, ageriko kredituen bitartez. Erostunak akzioen prezioaren % 10 ordaintzen zuen eta gainerako % 90 zor uzten zion agenteari; horrek, gainera, egunero bankuekin egiten zuen beste horrenbeste. Horrelako maileguen gaineko interes-tasak merkatukoak baino askoz ere garestiagoak ziren. Produkzio-jardueren kaltetan, espekulazioak xurgatzen zuen diru guztia. Sistema, beraz, zeharo oreka egongaitzean oinarrituta zegoen.

America first

Wilson AEBko presidente demokrataren 1918tik 1020era bitarteko kanpo-politikak gero eta kritika latzagoak jaso zituen. Kongresuak Versaillesko Ituna berresteari eta Estatu Batuak Nazioen Elkartean sartzeari uko egin zion. 1920-32 bitartean, estatubatuarrek hiru presidente errepublikar izan zituzten (Harding, Coolidge eta Hoover). “Amerika lehenbizi!” zen horien lema. Horrenbestez, kanpo-politika isolatzailea jarri zuten indarrean, horretan Estatuak ekonomian esku hartzen ez zuelako.
Estatu Batuak bere baitaratu ziren: batez ere italiarren eta eslabiarren immigrazioa mugatzen zuten neurriak hartzera bultzatu zuen xenofobiak. Etorkinek ideia iraultzaileak ekarriko zituzten beldur zeuden agintariak: Sacco eta Vanzetti italiar jatorriko bi anarkistei, froga argirik gabe, hilketa bikoitza leporatu eta hiltzeko zigorra jarri zieten (1927), mundu osoan protesta biziak egon ziren arren. Beltzak, berriz, arrazakeriaren biktima izan ziren maiz: hegoaldean Ku Klux Klan (KKK) elkarte xenofobo sekretuaren jazarpenak nozitu ohi zituzten.
1920ko hamarkadan, Estatu Batuak charleston erritmoan jostatuz zebiltzan: “Urte eroak” ziren haiek. Pixkanaka, hala ere, puritanismo-uholdea nagusitzen ari zen herrialdean. 1919an, lege batek alkoholaren ekoizpena eta salmenta galarazi zituen: debeku-garaiak ziren. Lege ezagun hura gansterismoarentzat mesedegarri gertatu zen (Al Capone, esate baterako), tabernak trafikanteek hornitzen zituztelako, klandestinitatean.

The Jazz Singer (1927) izan zen zinema soinudunaren lehen arrakasta.

 

Depresio Handia

1929. urtearen hasieran, industria-ekoizpena ahitu eta kontsumoa urritu egin zen. Urriaren 24an, ostegunez, sekulako krisia lehertu zen New Yorkeko burtsan: “Ostegun Beltza” deitzen zaio horri. Enpresen stocken gorakadaz jabetzerakoan, espekulatzaile batzuek akzioak saltzea deliberatu zuten, gainprodukzioaren beldur baitziren. Era hartan 13 milioi akzio salgai jarri ziren; hurrengo asteartean beste 16 milioi. Tituluen kotizazioa irailean 381eraino jaitsi zen eta 199raino bi hilabete geroago. Hiru astean, “desagertu” ziren horrela 30 milioi dolar, hau da, Estatu Batuek Lehen Mundu Gerran gastatutako dirutzaren parekoa.

Bankuen krisia

Porrotak arrunt hondaturik utzi zituen espekulatzaileak eta, noski, horiek hartzekodunak, burtsa-agenteak eta bankak. Ikarak harrapatutako bezeroek dirua atera ez zezaten, bankuek kredituak murriztu eta beste banketxetan ezarritako dirua kendu egin zuten. Ondorioz, bata bestearen atzetik erori ziren denak: 659 porrot, 1929an; 2.294, 1931n; eta 1.352; 1932an. Hondamendi orokorrik gerta ez zedin, Estatu Batuetako gobernuak, 1933an, egun batzuetako “oporraldia” eman zien banketxeei.

Estatu Batuetako krisiaren ondorio ikaragarriak

Elkarren segidan etorri ziren erreakzioen eraginez, krisiak krisia elikatu zuen, eta gero eta sakonago bihurtzen ari zen. Kontsumitzeko krediturik ez emateak erosketak murriztu egin zituen. Stockak metatu ziren, hortaz: prezioak nekazaritzan % 40 jaitsi ziren eta % 15 industrian, 1929 eta 1933 bitartean. Produkzioa nekazaritzan % 15 eta industrian % 40 jaitsi zen. 1929an, 4.800.000 automobil ekoiztu ziren, baina, lau urte geroago, 1.600.000ra ozta-ozta iritsi ziren. Porrotak ugaldu egin ziren han-hemenka eta, horien ondorioz, langabezia. Milioi eta erdi langabetu zeuden 1929an, hau da, populazio aktiboaren % 3,5; lau urte geroago, 12.800.000ra iritsi ziren (populazio aktiboaren % 25). Erosahalmenaren hondoratzeak eta kontsumoaren atzerakadak eragina izan zuten ekoizpenean eta, horrenbestez, soldatak are gehiago urritu ziren eta langile gehiago bota ziren lanetik.

Nazioarteko finantza-krisia

1930. eta 1933. urteen artean, epe laburrerako kredituen munta 14.000 milioi dolar izatetik 6.400 milioira jaitsi zen, mundu osoan.
Europan, berriz, inbertsio eta maileguen geldierak, Estatu Batuetako kapitalak bere tokira ostera itzultzeak eta urrea erosi eta metatzen zuten herritar beldurtuek egindako fondo-ateratzeak bankuen egoera larriagotu egin zuten. Bankuek epe motzera hartutako kapitalak epe luzera inbertitu zituzten. 1931n, Austriako Kredit Anstalt konpainiak lur jo zuen. Hurrengo urtean, Alemaniako Danat Bank izenekoari egokitu zitzaion. Kapitalen ateratze hori Austrian eta Alemanian jasaniko galerengatik ahuldurik zegoen Britainia Handira iritsi zen, lehenik, eta Japoniara, geroago. Frantziak, mundura ateak hagitz zabalik ez zituenez, krisi berankorrago eta ahulxeagoa jasan zuen.

Krisi ekonomikoa mundu osora zabaldu

Estatu Batuetako bat-bateko beherakadak behartu zien herrialde guztiei tokian tokiko prezioak beherantz egokitzera. 1929tik 1935era, mundu osoko merkataritzaren balioa % 60 jaisteak eta protekzionismoaren garapenak krisia larritu besterik ez zuten egin. Estatu berrietan eta kolonietan (denak ere nekazaritza-herriak) stockak metatzen ari ziren: Brasilen kafea itsasora jaurti edo erre egiten zuten, Estatu Batuetan artoarekin gertatzen zen berdina. Herrialde industrializatuetan produkzioaren murrizketak Japonian, Estatu Batuetan, Alemanian, Erresuma Batuan eta Frantzian izan zuen eragina. Azken lau horiek, krisiaren aurretik, mundu osoko produkzioaren % 70 inguru hornitzen zuten.

Krisiaren alderdi sozialak

1933an, munduan 30 milioi langabetu baino gehiago ziren. Estatu Batuetako populazio aktiboaren % 25, Alemaniakoaren % 33, Erresuma Batukoaren % 25, Frantziakoren % 2,5 langabezian zeuden. 1930eko hamarkada osoan zehar iraun zuten langabezia-tasa garaiek. Britainia Handiak, esate baterako, bertako langileen % 15 baino gehiago langabetuak izan zituen etengabe, 1930etik 1935era arte. Herrialde horretan eta Estatu Batuetan gutxieneko tasa 1936-37an erdietsi zen (populazio aktiboaren % 10). 1938an, mundu osoari dagokionez, tasa hori % 11,4an mantendu zen (1933an, % 25).
1920ko hamarkadako gainprodukzioaren biktima zirela, nekazariek lurrak hipotekatu edota emigratu behar izan zuten hirietara. Bertan, etxegabetu eta bestelako alderraiekin batera elkar gainka bizi behar izan zuten txaboletan. Ingalaterran, Estatu Batuetan, Alemanian eta beste zenbait estatutan egin ziren gosearen kontrako ibilaldiek, gosea eta elikadura eskasa jasaten zituen populazioaren etsipena agertu zuten nabarmen.

 

Depresioaren giza kostua.
Langabezia izugarria handitu zen mundu-merkataritzarekin loturak zituzten herrialde industrializatuetan.

 

 

Hiriko jabe txikien kanporatzea.
Irudiak erakusten duen gertakizuna aski arrunta izan zen 1930eko hamarkadan. Izan ere, etxetik kanporatutako familiak 273.000 inguru izan ziren 1932an. Enplegatuek, hau da, banku eta aseguru-etxeetakoek, sendagileek, administrazioko langileek, 1930ean nekazaritzan ez zebilen biztanleria aktiboaren % 40 osatzen zuten eta maileguz erositako etxea ohi zeukaten. Krisia eta, ondorioz, langabezia etorri zirenean hipotekaren pean zeuden etxebizitzak banka-erakundeek atzeman eta bertako biztanleak kaleratuak gertatu ziren, alogera ordaindu ezinik zebiltzan maizterrak bezalaxe.

“Gosearen” ibilaldi bat, Britainia Handian, 1930eko hamarkadan.

 

 

Amerikak emaniko irtenbidea: New Deal

Hoover presidentearen jarreraz haserre, krisialdian Estatu Federalaren esku-hartzeari uko egin ziolako, 1932an, bozemaileek Franklin Roosevelt demokrata hautatu zuten Estatu Batuetako presidente.
Horrek New Deal izeneko programa proposatu zuen arazo zenbait konpon zitezen: nekazarien diru-sarreren amiltzea, prezioen beherakada, industria produkzioaren jaitsiera eta langabezia.
Premia larriko neurriak hartu zituen lehenbizi Rooseveltek. Nekazaritzari buruzko legeak ekoizpena murriztea onartua zuten nekazariei primak eta zorpetzea arintzeko kreditu bereziak ematea xedatu zuen. 1933tik aurrera, gorantz hasi ziren prezioak ostera. Industriari buruzko legearen helburua ekoizpena suspertzea zen: konkurrentzia zintzoko kodeak proposatu zizkien Estatuak industriaburuei. Soldatapekoek eta ugazabek elkar hartu behar zuten lan-baldintzak eta soldatak finkatzeko ardura. Langabeziaren kontra zuzenean aritzeko, Estatuak sekulako obrak finantzatu zituen: zubiak, urtegiak, Tennesseeren arroaren egokitzapena.

New Deal: erdi arrakasta, erdi porrot

Indarrak berriro hartzeko jomugaz Estatu Federalak esku hartu zuen bizitza ekonomikoan. Aurrekontu-defizita gehitu eta diru gehiago sortzearen bitartez, berak hartutako neurriak finantzatu zituen. Bankuen gaineko kontrola estutu zuen, aldi berean. 1933-34an, dolarra % 41 debaluatu zuen. Bestelako lege batzuk ere eman ziren New Deal hori osatzeko, hala nola: gizarte-segurantza sortu zuena edota sindikatzeko askatasuna xedatu zuen Wagner Legea.
Auzitegi Goreneko epaileek –errepublikarrak gehienak– Gobernuak harturiko neurriak Konstituzioaz kontrakoak zirela berretsi zuten. 1936an, berrautaturik gertatu izanari esker, Roosevelt presidenteak bere programa aplikatu egin zuen, epaileek esanak gorabehera. New Deal hark, hala ere, erdipurdiko arrakasta besterik ez zuen izan: 1940-41 inguruan, Estatu Batuak gerran sartzeko prestatzen hasi ziren arte, hau da, armagintzan buru-belarri murgildu ziren arte, ez zen benetan suspertu ekoizpena.

 


AEBko kultura berria.
Estatu Batuen oparotasuna prentsari eta irratiari esker zabaldutako “masa-kultura” baten sortzaile izan zen. Ekonomiaren arabera estandarizatua, jazzeko orkestren erritmo biziak markatutako aisialdietan ere adierazten zen. Mundu berriko heroiak fabrikatu zituen: Hollywoodeko star system hartako distira ziren “izarrak” edota arkatzez trebeziaz taxuturiko irudimenezko besteak, hala nola, Mickey Mouse edo Tarzan.


Burtsaren krisia eta industriaren krisia.
1926tik 1929ra, akzioek izan zuten gorakada zein artifiziala izan zen argi eta garbi adierazten du grafiko honek.

 


ROOSEVELTEN PROGRAMA

“Lehen eginkizuna dugu jendea berriro lanean jartzea. Gure baliabideen erabilera antolatzeko, premia larrieneko lanak eginez bete daiteke helburu hori, hein batez.
Gure baserriak eta gure lantegiak berriro lanean jartzeko, beren produktuak salduko dituzten segurantziaz, produktu horiek erosteko bezainbeste baliabide bermatu behar dizkiegu kontsumitzaileei. Horretarako, beharrezkoa litzateke gaur egun ditugun hamabi milioi kontsumitzaile langabetu horiek lanean hastea. Eta lanean jarriko ditugu, langile bakoitzari bizitzeko behar duen soldata bermatuta.”

Rooseveltek kargu hartzean egindako adierazpenak, (1933).

 

2. Krisia mundu zabalean

Nazioarteko harremanen nahastea

1929an, hirurogei estatuk –Estatu Batuak eta SESB ere barne– gerra “legez kanpokotzat” jotzen zuen hitzarmena sinatu zuten. Hamar urte geroago, ordea, Bigarren Mundu Gerra hasi zen. Alemaniak, Italiak eta Japoniak agertutako hedatzeko gogoari eraginkortasunez aurre egiteko gauza ez ziren izan estatuak. Nolako eragina izan ote zuen krisiak nazioarteko tentsioan?

Munduko merkataritza kili-kolo

Ekoizpena xedatzeko jomugaz hartuak ziren nazioarteko erabakiak ez ziren errespetatu eta, horrela, 1938an munduko stockak 1929koak baino handiagoak ziren.
Estatuek barne-merkatua atzerriko lehiatik babesteko erabiltzen zituzten muga-zergak bikoiztu egin ziren, 1929tik 1936ra. Dumping izenekoaz baliatuz sustatu nahi zituzten esportazioak.

Nazioarteko diru-ordenaren amaiera

1933tik aurrera, nazioarteko diru-sistema bertan behera gelditu zen, munduko trukeak kinka larrian ezarrita.
Estatuek debaluazioetara jo zuten orduan esportazioak ostera suspertzeko. Horrela, Britainia Handiak urre-patroiari utzi zion, 1931n; gauza bera egin zuten Estatu Batuek, bi urte geroago. Bi “estatu bankari” horien mendean zeuden herrialdeek (Alemaniak, esate baterako) erreserbak libra esterlina debaluatuetan altxortuta zeuzkatela hauteman zuten. Nazioarteko ordainketak egiteko bitartekorik gabe, esportatzen zuena baino gehiago inportatzeko gauza ez zela aurkitu zen Alemania. Frantzia bezala, dirua urre-balioetan mantentzen zuten estatuen esportazioek arrunt behera egin zuten, ondoriozko arrisku eta guzti: 1934an, Frantziako prezioak gainerakoak baino % 20 garestiago zeuden. Azkenean, 1931 eta 1936 bitartean, estatu guztiak beren dirua debaluatu beharrean aurkitu ziren.

"Nor bere buruarentzat” jarduera nagusi

Beste potentzien diru-manipulazioetatik babesteko, urreak edo kapital flotanteek “ihes” egin ez zezaten (Alemanian 1931n gertatu zen bezala), estatuek merkataritza zorrozki kontrolatzeari ekin zioten. Inportazioetan kupo-sistema eta truke-akordioak ezarri zituzten indarrean: Brasilgo kafea Alemaniako ikatzaren edo Estatu Batuetako gariaren truke.

 


Mundua, atalka antolatuta

Estatu Batuek, Erresuma Batuak eta Frantziak, mundu osoko urre-stockaren % 80 ez ezik, lehengaiak eta energia-iturriak ere bazeuzkaten eta, gainera, kolonia eta inperioetako merkatuak kontrolatzen zituzten.
Haietako bakoitzak bere diru-eremua finkatua zuen: Britainia Handiak libra esterlinaren gunea; Frantziak eta “urre-blokeko” herrialdeek (Belgikak, Luxenburgok, Holandak, Suitzak) beren diruen urre-balioari eutsi nahi zioten, kosta ahala kosta.
Alemaniak, Italiak eta Japoniak, aldiz, ez zuten ez urrerik, ez dibisarik, ez jabetza handirik kanpoan. Krisia zela eta, ezin zuten atzerrian erosi, saldu edo kredituak lortu. Diru-bloke isolatuak ziren eta trukeen gainean erabateko kontrola ezarria zuten. Konkistaren bitartez bermatzen zituzten falta zitzaizkien baliabideak: Koreak, Formosak eta Mantxuriak Japonia hornitu behar zuten, 1931tik aurrera; Etiopiak Italia, 1935ean, eta Alemaniak Austria anexionatu zuen, 1938an.

 

Krisia eta stockak.
Lehengaien edota elikagaien salmenta traketsak stockak neurrigabeki ugaldu zituen. Argazkian Brasilgo kafea ontzian sartu eta itsasora botatzen ari dira.

Karikatura honek ederki adierazten du munduko diru-sistemaren ezegonkortasuna.
Herrialde askok urre-patroia bertan behera utzi behar izan zuten.

 

Protekzionismoaren itzuleraren ondorioz, koloniak zituzten potentziek (Ingalaterrak, Frantziak) lotura pribilegiatuak ezarri zituzten haiekin; koloniarik ez zutenak, berriz, autarkian bizitzen ahalegindu ziren (Italia, Alemania eta Japonia). Ekoizpen nazionala goretsi egiten zen, oro har. Argazkian, 1934an, Munich-Salzburgo autobidearen eraikuntzari ekin aurretik, Hitlerren diskurtsoa entzuten ari dira Alemaniako langabetu batzuk. Alemania, Italia eta Japonia, herri-lan handietan ez ezik, hedapen-asmoek bultzaturik, armatze-programetan ere hasi ziren.

 

Munduko ekonomia, ahul nolanahi

Suspertze-izpirik somatzen zen arren, munduko ekonomia berrerori zen, 1937ko udazkenetik aurrera. Ekoizpena zeharo mantso bazihoan ere, eskakizuna ez zen erritmo horretara iristen.
1938an, erauzketa- eta siderurgia-industrien edota automobilgintzaren produkzioa krisiaren aurrekoa baino urriagoa zen oraindik. Mundu zabaleko merkataritza une hartan 1913koa baino apalagoa zen, nahiz eta munduko populazioa etengabe ugaltzen ari zen.
Gerra piztu ordurako, Alemania eta Japonia bakarrik jalgiak ziren krisialditik.

 

Kapitalismo liberalaren mutazioak: krisiari emaniko erantzunak

Elikagaiak suntsiturik, gosearen kontrako ibilaldiak nonahi, egitura politiko eta ekonomikoak nonahi txikitu zituen krisiak. Denentzat lana eta aberastasunaren banaketa zuzenagoa agintzen zuen New Deal haren bitartez, krisialditik irteteko ahaleginetan zebiltzan Estatu Batuak, ikusi berri dugun legez, baina... Gainerako herrialdeak, zer? Nola egin zioten aurre krisiari?

 

Aurrekontu- eta soldata-zorroztasuna, bertan behera

Hasieran, estatu gehienetan onetsi baziren ere, politika deflazionistek ondorio sozial jasangaitzak izan zituzten eta, gainera, ez zen ekonomiaren susperraldirik nabaritu.
Alemanian, esate baterako, Estatuaren aurrekontuetan, kredituetan, inportazioetan, aginduzko murrizketak bi urtez (1930-1932) aplikatu ondoren, langabetuen kopurua urritu ordez bikoiztu egin zen: 1930ean, 3,7 milioi ziren; 1932an, 6 milioi baino gehiago izatera iritsi ziren, langile aktibo guztiak 11 milioi izaki.



Ekonomiaren eta Estatuaren arteko harreman berriak

Langabeziaren eta horrek sorrarazten zituen gorabehera larrien aurrean, estatuek bizitza ekonomiko eta sozialean esku-hartzea deliberatu zuten, aldez aurretik taxuturiko plangintzarik ez zeukaten arren. Sistema ekonomikoa ostera abiarazteko, gertakariak jazo ahala hartzen ziren neurriak.
Aurrekontuetako defizitaren bitartez, inbertsioa, soldatak eta kontsumoa sustatzen zituen Estatuak, eta debaluazioaren bitartez, berriz, esportazioa. Kontsumoa suspertzeko, populazioaren erosahalmena gehitzeko ahaleginak egin ziren, kontsumoak gora egitean ekoizpenaren hazkundea gertatuko zelakoan.
J.M. Keynes ekonomialari britainiarra Estatuak ekonomian izan behar duen esku-hartzearen teorikoa izan zen. Lanari, interesari eta diruari buruzko teoria orokorra izeneko idazlanean (1936) aurkeztutako ideiak estatu kapitalisten politika ekonomikoetarako inspirazio-iturri izan ziren Bigarren Mundu Gerraren ondoren.

 

Autarkia Alemanian, Italian eta Japonian

Joera politiko faxistek zuzendutako hiru estatu horietan, autarkiaren bitartez egin zitzaien aurre sistema ekonomikoaren geldialdiari eta kanpo-merkataritzaren krisiari. Estatuak esku hartzen zuen, erabat, eta dena zeukan kontrolpean: dirua, prezioak, soldatak, inbertsioak, merkataritza...
Nazien Alemanian plangintza zorrotz batek suspertu zuen ekonomia: ekipamendu-lan handiak (autobideak, mendien garbiketa, drainak, etab.) egin ziren, industriari eta ordezko produktuen ikerkuntzari sekulako laguntzak eman zitzaizkien eta nekazaritza diru-laguntzen bitartez sostengatu zen.
1937tik aurrera, ekonomiaren susperraldia berretsi egin zen. Ekoizpenaren sekulako gehiagotzea (1932an 100 zena, 1939an 225era iritsia zen) industria estrategikoen mesedetan gertatu zen, kontsumo-industriak tankerakorik ezagutu ez zuen arren.

 

Susperraldia, Erresuma Batuan eta Frantzian

Gobernu kontserbadorea zuen Britainia Handiak neurri sozialen bitartez eraberritutako liberalismora itzuli nahi zuen: langabetuei laguntzak ematea, etxegintza-politika, etab. Industrian, hala ere, enpresen modernizazioaren alde ziharduen Estatuak eta, bide horretatik, lurralde-antolakuntzaren politika ezarri zuen indarrean, gainbeheran zeuden eskualdeen mesedetan.

Frantzia protekzionistak krisiaren eraginak ez zituen 1931ra arte nozitu: beste herrialdeetan baino arinago izanik ere, gehiago iraun zuen (1939ra arte).
1932. urteaz geroztik, batez ere joera erradikalak nagusi izan zituztela, gobernuek bata bestearen atzetik ez zuten plangintza orokorrik eratu. Sendabide tradizionalengan zuten konfiantza osoa: muga-zergak igotzea, egoera zailean zeuden enpresei laguntzak ematea... Zergatiak aztertu ordez ondorioak konpondu nahi zituztelako, xedapen haiek krisia larritu besterik ez zuten egin.


Soldatapeko langileak izan ziren kaltetuenak, langileria bereziki: milioi erdi bat langabetu aitorturik zeuden, 1933an. Azpienplegua ere handia zen, zenbakiak egiteko unean kontuan hartzen ez bazen ere.
Klase ertainak (industriari eta dendari txikiak, nekazariak, etab.) gerraondoko inflazioak ahulduta eta krisi demografikoak eta baserri-munduko exodoak kaltetuta zeuden ordurako. Gainera, 1930eko hamarkada hartan, diru-sarreren % 40tik % 60rako debaluazioa jasan zuten.
Krisi ekonomikoari krisi politikoa erantsi zitzaion, elkarren aurkako interesek eta alderdiek eragindako presioei aurre egiteko gauza ez zen botererean ezintasuna agerian jarri baitzen.
Parlamentuko egongaiztasunak (lau gobernu 1933an bakarrik) eta erakunde gorenak ezarritako neurrien gauzaezak erregimen demokratiko eta liberalean ezarritako konfiantza galarazi zuten.
Norbaitek errepublika bera ere ipini zuen zalantzan. Korronte ideologiko berri batzuk agertu ziren, eta horietako zenbait, antiparlamentarismoaren bitartez, botere indartsuaren egarria erakusten zuten. Eskuin muturreko liga batzuek, 1920ko hamarkadan eratuak, intelektualen bat, klase ertainetatik sorta bat eta krisiaren biktima batzuk jaso zituzten.
Krisi politikoa gailurrera iritsi zen 1934ko otsailaren 6an, liga horiek Diputatuen Ganbararen aurrean bortizki manifestatu ziren egun hartan.
Ondoren, batasun nazionaleko hainbat ministerio iragankor etorri ziren elkarren atzetik. Deflazio-politikari jarraipena eman zitzaion, gero eta gaitzetsiago bihurtu zena. Ezkerreko indarrak, kezkati, faxismoaren aurkako aliantza antolatzen hasi ziren.

Fronte Popularra Frantzian: 1936-1938

1934ko otsailaren 6tik aurrera, ezkerreko alderdi eta sindikatuek errepublika defendatzeko batasunerako deialdia egin zuten.
Ezkerreko hiru indar handiek, baseen bultzadaz, hauteskundeetarako koalizioa sortu zuten orduan: Fronte Popularra. Programa aski zehaztugabea zuten: “ogia, bakea, askatasuna” esloganak adierazten zuenez, erosahalmena handitzearen bitartez ekonomia berpiztea, segurtasun kolektiboa Nazioen Elkartearen esku uztea eta eta ligak debekatzea.
1936ko hauteskundeek berretsi zuten aliantza horren arrakasta. Léon Blum-ek Gobernu sozialista eta erradikala osatu zuen Alderdi Komunistaren sostenguarekin.
Hauteskunde ondoren, makina bat greba hedatu ziren bat-batean herrialde osoan zehar. Neurri sozialak lehenbailehen eskuratzeko, nagusien eta Gobernuaren gaineko presiobide eraginkorrak izan ziren greba haiek.
Sindikatuekin negoziazioetan jardunez gero, eskubide sindikalak, hitzarmen kolektiboen printzipioa eta soldatak, oro har, % 7tik 15era bitartean igotzea lortu zen nagusiengandik.
Neurri horiek osatzeko, langabeziaren kontrako borrokan jarduteko eta ekonomia berpizteko bidean, hainbat lege sozial eman ziren; urtean hartu beharreko 12 eguneko oporraldi ordaindua eta 40 lanorduko astea (ordura arte 48koa zegoen indarrean) lortu zuten soldatapekoek, diru-sarreraren murrizketarik gabe; pentsioak eta soldatak igo ziren eta derrigorrezko eskolatze-aldia 13tik 14 urtera pasa zen. Estatuaren eginkizuna areagotu egin zen ekonomian: Gariaren Bulegoa sortu zen, nekazariaren erosahalmena altxatzeko jomugaz eta, gainera, hegazkintza eta armagintza hein batez nazionalizatu ziren.
Herritarren pozak gailurra jo zuen 1936ko udan: klase ertaineko familiak estreinakoz irten ziren oporraldiak etxez kanpo gozatzera. Bazirudien, etorkizun hobearen itxaropenean oinarriturik, aro berri baten ateak zabaltzen hasiak zirela.
Aginduak agindu, Fronte Popularreko gobernuak dirua debaluatu behar izan zuen, 1936ko urrian. Nagusiek, soldaten gorakadaren eragina prezioetara iragazita, ez zuten ia langilerik kontratatu. Urreak eta kapitalek herrialdetik ihes egin zuten. Frantziako prezioak mundu osoko prezioen parean zeudela, produkzioa gelditu eta grebak berriro hasi ziren, 1936. urtearen bukaeran.
Oposizio politikoa gordindu egin zen. Gobernuak, 1936ko ekainean, debekatuak zituen ligak berriro ere osatu ziren legezko alderdi politiko gisa, eta afiliatuak biltzen hasi ziren. Eskuineko indarrek prentsa-kanpaina gorrotagarriak jarri zituzten martxan.
Fronte Popularrak barneko batasuna galdu zuen. Alderdi Komunistak Gobernuari kritika gogorra jaurti zion Espainian esku hartu ez zuelako eta egindako erreformak urriak izan zirelako. Erradikalek eragotzi egin zuten era guztietako bilakaera, egoera ekonomikoak klase ertainengan etsipena sortu ez ezik, borroka sozialak ere biziki larritzen ari zirelako.
1938ko apirilean, erradikalek erdiko eta eskuineko indarrekin bat egin eta Daladier Gobernua osatu zuten.
Aurrerantzean, nazioarteko arazo kezkagarriak izan ziren nagusi nonahi. Dekretu-lege sorta batek zergak igo eta 40 lanorduko astea zalantzan jarri zen.

 

Mundu-krisia

ONGIZATE ESTATUAREN SORRERA

Helburuak helburu, ekonomia suspertzeko politika guztiek berekin daramate Estatuaren esku-hartzea. Bigarren Mundu Gerraren ostean, “Ongizate Estatu” deitu denari ateak zabalduz, erakunde horrek hainbat eginkizun bereganatuko ditu:
– Lanean jarduteko eskubidea berrestea, sorospenaren ordez langilea soldatatik bizi dadin, herri-lanak bultzatuz.
– Ugazaben eta langileen interesak ebaztea eta zaintzea, hau da, “adiskidetzen” saiatzea enpresetan, langile-sindikatuen agerpena ahalbidetuz eta, areago, bitarteko gisa jardunez.
– Gizarte-laguntzarako diru kopuru handiagoak erabiltzea.

 

 

John Maynard Keynes
Irtenbide bila ziharduten su eta ke herrialdeek. Konponbide guztiak Estatuaren esku-hartzearen norabidetik abiatu ziren, ezinbestez. Lehia askearen ordez, John Maynard Keynes ekonomialari ingelesaren ideietan oinarritutako esku-hartzea sartu zen indarrean. Horrek kapitalismo liberalaren era klasikoari bestelako taxuera eman zion: erabateko enplegua berriro eskuratzeko, eskaria, kontsumoa eta enpresen inbertsioak sustatu behar zituen Estatuak. Eskari hori aurreikusi zuten enpresak produzitzeari ekin eta, ondorioz, jendea alokatzen hasi ziren.

 

GLOSATEGIA

Autarkia
Beharrak bere ekoizpen-ahalmen soilaz, atzerrira jo beharrik gabe, betetzen dituen herri edo Estatuaren egoera.

Epe laburrerako kapitalak
Oso epe laburrera hartu (egun batzuetatik hilabete batzuetara) eta, mozkinik handienak ateratzeko xedearekin, azkar-azkar mobiliza daitezke horrelakoak; adibidez: merkataritzarako kredituak, tituluen gaineko aurrerakinak, etab.

Epe luzerako kapitalak
Epe luzera (urtebetetik urte batzuetaraino) ipiniak, jarduera ekonomikoak finantza daitezke horiei esker. Adibidez: inbertsioak, maileguak, etab.

Fordismoa
Pieza nagusien estandarizazioari eta kate-produkzioari esker, ekoizpena eta produktibitatea handiagotu, prezioak merkatu eta soldata handien politika defendatzen duen sistema.

Kartel (edo “ententea”)
Zuzenbide- eta finantza-izaeraren ikuspegitik desberdinak diren enpresa batzuen artean harturiko akordioa.

Ententearen bitartez, prezioen, merkatu-banaketaren edo produkzio-mugaketaren gaineko lehiakortasuna haustea du helburu akordio horrek. 1928an, Royal Dutch Shell, Standard Oil eta Anglo-Persian enpresek Petrolioaren Nazioarteko Kartela sortu zuten.

Kraxa
Burtsaren erabateko hondamendi gordina.

Ku Klux Klan
Beltzen integrazioa galaraztea helburu nagusia duen AEBko elkarte xenofoboa; horretarako, indarkeria erabiltzen du.

New Deal
AEBn Rooseveltek egindako erreformei emandako izena, arlo ekonomiko eta sozialetan Estatuaren parte-hartzea bultzatu zutenak.

Taylorismoa
1914 baino lehenagotik ere, produktibitatea sustatzearren Taylor ingeniari iparramerikarrak sortutako lan-antolaketa zientifikoa, langileak lan jakin batean emandako denbora eta jasotzen duen soldata batik bat neurtzen zituena.

 

DATAK SAKONTZEN
• 1929: New Yorkeko burtsaren kraxa.
• 1931: Depresio Handiak Europan eragina izan; Commonwealth sortu zen.
• 1932: Roosevelt, AEBren lehendakari.
• 1933: Nazioarteko finantza-krisia; AEBn New Deal onartu zen.
• 1939: II. Mundu Gerraren hasiera.
Dokumentuak
New Deal (1933); Social Security Act (1935); Keynesen Lanari, interesari eta diruari buruzko teoria orokorra (1936).
Pertsonaiak
Roosevelt; Keynes; Hitler; Mussolini; Blum; Chamberlain; Daladier.

 

Itzuli